Euskara bultzatzen jarraitzeko aukera berriagaz, "gustura"
Gernika-Lumoko Berbalagunek Egunean Behin jokoa aprobetxatu du konfinamendu garaian euskara bultzatzeko; 42 parte hartzaile izan dira taldean. Lehen sektorera ere gerturatu dira sari banaketaren bitartez.
Oztopoei aurre egiten zaie. Galdutako bideetan irtenbideak aurkitu behar dira, eta aurrera jarraitu. Eta hori egin du Gernika-Lumoko Berbalagunek.
Euskara eta euskararen erabilera bultzatzeko asmoz, Ezetz Jakin lehiaketa egiten zuten hilabetero, baina COVID-19ak aukera hori baztertu zuen. Hala ere, Egunean Behin aprobetxatuta, Berbalagun kideen taldea sortu eta euskara lantzen aritu dira. Hamar astez 42 pertsonaren elkargune izan da jokoa: “Aurreko denboraldian ere jokatzen genuen, baina azken hamar asteetan sarea zabaldu da”.
Berbalaguneko kideei eta euskararen inguruan mugitzen direnei aukera eman gura zieten parte hartzeko, eta euskara beste era batean lantzeko: “Aukera eman gura genien berbalagunen izena emanda dutenei, euskararen inguruan dabiltzanei eta euskara praktikatu gura dutenei”.
Lehen sektorea ere bultzatu gura izan dute, eta Merkatu plazara gerturatu dira astelehenetan. “Onintza Enbeitak banatu ditu sariak plazan, eta lehen sektoreari keinua egin gura izan diogu horrela”. Denboraldia bukatu zen joan den astean, eta parte hartzea eskertzeko asmoz, Berbalaguneko kideek Errigoirako produktuak banatu zizkieten parte hartzaileei.
Irailean bueltatuko direla jakinarazi dute.