Bermeok txapeldunen pareko harrera egin die Urdaibaikoei
Urdaibai izan da azkarrena Kontxako Banderaren 2. jardunaldian. Joseba Fernandezek taldearen kiroltasuna, leialtasuna, errespetua eta garbitasuna azpimarratu dituKontxako Banderaren polemikaren ostean eta domekako estropadan denborarik onena eginda, be...
Urdaibai izan da azkarrena Kontxako Banderaren 2. jardunaldian. Joseba Fernandezek taldearen kiroltasuna, leialtasuna, errespetua eta garbitasuna azpimarratu ditu
Kontxako Banderaren polemikaren ostean eta domekako estropadan denborarik onena eginda, bermeotarrek harrera beroa egin zieten Urdaibaiko arraunlariei eta gainontzeko taldekideei iluntzean. «Txapeldunak, txapeldunak» oihu artean hartu zituzten herritarrek. Besarkada, txalo eta animo oihu artean eman zieten ondoetorria.Talde bermeotarra izan zen azkarrena domekako Kontxako Banderaren 2. jardunaldian. Emakumezkoetan, bi jardunaldietan onena izanda, San Juango batelerek nagusitasunez lortu zuten bandera azkenengo bost urteetan irabazi dute. Gizonezkoetan, berriz, bandera Hondarribiara joan da aurten, baina bermeotarrentzat eurena da. Hori argi utzi zuten domeka iluntzean.
Lamerako oholtzara igo ziren arraunlariak, entrenatzailea eta presidentea. Joseba Fernandez entrenatzaileak hartu zuen hitza, eta emandako babesa eta berotasuna eskertu zien bertan bildutakoei. «Bermeoko herriak eta Bermeoko traineruak batez ere bi gauza erakutsi ditu Donostian. Kiroltasunez, leialtasunez, errespetuz eta garbitasunez estropada irabazteko gai izan dela; zelan irabazten den Kontxako Bandera», azpimarratu zuen pasaitarrak. Aste osoan gertatutakoaren eta sufritutakoaren ostean, Donostiara joan eta irabazteko gai izan direla zehaztu zuen, «inogaz borrokatu barik eta inori errespeturik faltatu barik».
Datorren urterako gogotsu
Datorren urtean Kontxako Bandera berriro ere Bermeon ikusteko borrokatuko direla esan zuen: «Nahiz eta baldintza hauetan izan, han izango gaituzte, eta modu berean eta ilusio beragaz joango gara».
Arraunaz gozatzen jarraitzeko dei egin zien Fernandezek. «Zapatuan Bermeoko Bandera daukagu, eta erakutsiko diegu nola tratatzen den jendea Bermeon: Kiroltasunez, garbitasunez eta errespetuz. Berriro ere mila esker Bermeoko herriari, afizioari. Ez bakarrik gaur Donostian erakutsi dugunagatik, baizik eta uda osoan erakutsi dugunagatik. Guztiok dakigu Bermeoko afizioa onena dela».
Denborarik onena
Berriro ere uretan nagusi izan da talde bermeotarra. Kontxako Banderaren 2. jardunaldian Urdaibai izan zen azkarrena. 19 minutu, 46 segundo eta 78 ehuneneko marka ezarri zuen lehenengo txandan, eta Orio iazko irabazlea sailkatu zen atzetik. Hala, bandera irabazteko hautagai nagusi Hondarribiak eta Zierbenak ezin izan zituzten haien denborak gainditu ohorezko txandan. Orio sailkatu zen bigarren, Urdaibairengandik 3 segundo eta 62 ehunenera. Hondarribia hirugarren geratu zen, 7 segundo eta 28 ehunenera, eta atzetik Zierbena, 9 segundo eta 4 ehunenera.
Bi jardunaldietako denborak batuta, 39 minutu, 21 segundo eta 12 ehunenegaz nagusitu da Ama Guadalupekoa. Alde estua egon da lehenengo bien artean. Izan ere, Hondarribiarengandik 90 ehunenera geratu da Zierbena. Bermeo Urdaibai laugarren sailkatu da, irabazlearengandik 26 segundo eta 30 ehunenera.