Loreak airera, etxerako bidea eraikitzeko
Sare Gernikak deituta, dispertsio politika salatu zuten bariku iluntzean egindako giza katean. Pandemiak lapurtutako udaberriaren aurrean, "euskal preso eta iheslaririk gabeko oraina eta etorkizuna" eraikitzeko asmoa agertu zuten hainbat herritarrek.
Loreak eskuetan zituztela, euskal presoak etxean gura dituztela erakutsi zuten hainbat herritarrek Sare Gernika-Lumok deitutako giza katean, bariku iluntzean. Dispertsio politika salatu zuten bertan, eta pandemiak lapurtutako udaberriaren aurrean, “euskal preso eta iheslaririk gabeko oraina eta etorkizuna” eraikitzeko asmoa agertu zuten. Loreak airera jaurti zituzten, “euren konpromezuaren ikur gisa”.
“Oier Goitika kalean dago, baina Eneko, Kepa, Ibon eta Jabi eta gainerako euskal preso, iheslari eta deportatuak etxerako bidean egotea bultzatzeko lanean jarraituko dugu”, adierazi zuten.
Urruti dauden presoen egoera azaltzen zuten bertsoak abestu zituzten, eta herritarrek elkartasuna bidali zieten presoei. “COVID-19ak gure bizitzak eraldatu ditu, heriotza ere presenteago bihurtu du. Dolurako aukerarik ez du utzi, erabateko konfinamendua eragin du eta gure jardunaren oinarrizko elementuak baldintzatu ditu: lana, zaintza, hezkuntza, aisialdia, harrmanak, familia… dena”.
Muturreko egoera kronikoak “muturragoko eta kronikoago” bihurtu dituela esan zuten, kartzeletako egoerak azaleratuz: “Salbuespen neurrietan ezarritako espetxe politikak oinarrizko eskubideak sistematikoki urratzen ditu eta osasun krisi bat tarteko, areagotu baino ez ditu egiten; lehen egunetik presoek eta haien senide eta hurkoek ez dutelako bisitarik eduki, adibidez”.
Deskonfinamendu garaia dela aitatu zuten, baina preso eta eta senideentzat egoerak “bere horretan” dirauela salatu zuten, “dispertsio politikaren ondorioz ezin dutelarik bisitarik jaso”. Izan ere, milaka kilometrotara urrunduta egoteak bisitak egiteko “oztopoa” areagotu egiten duela diote.
“2020an eusal preso eta deportatu politikoen existentzia agerian utzi du konpondu gabeko aferak daudela. Horien konpontzea beharrezkoa zen atzo, eta gaur are gehiago”, adierazi zuten. Konponbiderako, elkarbizitzarako eta bakerako momentua dela azpimarratu zuten Sareko kideek: “Espainia eta Frantziako gobernuek euskal presoei ezartzen dieten salbuespen legedia bertan behera utzi behar dute, urgentziaz eta behin betiko”.
Euskal preso guztiak Euskal Herrira hurbildu behar direla esan zuten, baita larriki gaixo daudenak edota 65 urtetik gorakoak aske behar dutela ere. “Gradu progresiboa ahalbidetuz, baldintzak betetzen dituzten presoek etxean behar dute”, gaineratu zuten. Halaber, bisitak “berreskuratzea” eskatu zuten.
3.127.326 pauso. Sarek Izan Bidea dinamika herritarra aurkeztu zuen, etxerako bidea saretzen jarraitzeko. Aktibazio sozialerako proposamena da, beste hainbat ekimen sozial, politiko eta instituzional ezberdinekin konektatu eta uztartu gura dutena: “Preso eta iheslarien etxeratze bidea, elkarbizitzarako bidea eta bakerako bidea egin nahi dugun ibiltarion sarea da. Konponbidearen alde kilometroak egiteko batu garen milaka eta milaka herritarrek abiatutako dinamika”. Dinamika hori erronka batean oinarritzen da: 3.127.326 pauso egitean hain zuzen. Izan ere, horrenbeste biztanle ditu Euskal Herriak.
Kilometro horiek oinez, korrika, igerian, bizikletan, dantzan, eskalatzen… egin daitezke, “betiere motorrik erabili barik”. Horretarako hainbat aukera jarri dituzte martxan: Sarek edota bestelako elkarte edo taldek antolatutako ekimenetan parte hartzea, edota “lagunartean” erronka txikiak ezarriz eta horiek Izan Bidea aldarria soinean eramanda betez. Kilometroak zenbatzeko Izan Bidea aplikazioa deskargatzeko eta izena-emateko deia egin dute.