Roso Buch fitxatu du Lointek Gernika Bizkaiak
Hurrengo denboraldirako lehenengo fitxaketa da base kataluniarra. Eskarmentu handiko jokalaria da, eta Gernikan dena emateko gogotsu dago.
Hurrengo denboraldirako taldea eratzen ari da Lointek Gernika Bizkaia, eta Roso Buch da talde gernikarraren lehenengo fitxaketa.
Itziar Ariztimuñok kontratua berritu duela eta Marta Alberdi lehen taldeko jokalaria izango dela jakinarazi ostean, Roso Buch Emakumezkoen Endesa Ligako oinarririk sendotenetakoa talde gernikarrean ariko dela esan dute. Bere joko eta heldutasun unerik onenean helduko da Malostera kataluniara: “27 urtegaz ia beteranoa da etxeko lehiaketan”.
Talde gernikarreko arduradunek jakinarazi dutenez, antolatzaile zein eskolta lanetan bikain jokatu dezakeen jokalaria da Matarokoa: “Kataluniarra gai da talde gernikarra ondo zuzentzeko, jokoa ondo antolatzeko gaitasuna baitu. Gainera, bere kanpo jaurtiketa bikainek partidu bukaera estuetan asko lagunduko digute”. Izan ere, bataz beste kantxan egon den 21:55 minutuetan 6,8 puntu, 2,8 errebote eta 2,2 asistentzia eskuratu ditu.
Basea “oso pozik” dago talde gernikarrean aritzeko aukera edukitzeaz, taldearen “joko alaiagaz” identifikatuta sentitzen baita. Eta ez du bere anbizioa ezkutatzen: “Eskarmentu handiko jokalaria naiz eta Lointek Gernika Bizkaiari ligan hazten laguntzeko gogoa daukat. Nire energia transmititzea espero dut, baina zaila izango da, dagoenerako maila oso altuan baitago taldea”.
Bembibren debutatu eta hiru denboraldi bete eta gero, Conquero de Huelvara joan zen jokatzera, eta handik Gironara egin zuen salto. Bertan joko antolatzaile gisa hazi zen, eta ligako joko zuzendari onenetako bezala finkatu zen. Emaitza oparoak eskuratu zituen Gironan, tituluak lortuz eta Europan lehiatuz. Iaz, baina, Valencia Basket taldean aritu zen.