Kortezubiko merkataritza eta ostalaritza bultzatzeko bonoak kaleratu ditu udalak
Gaurtik abuztuaren 30era bitartean eskuratu daitezke udaletxean, eta urriaren 30a baino lehen erabili ahal izango dira.
Udalerriko ekonomia suspertzeko asmoz, Herriko merkataritza eta ostalaritza bultzatzeko bonoak kaleratu ditu Kortezubiko Udalak.
Hiru lote jarri ditu aukeran, 25 euroko bat eta 14 euroko bi. 25 euroko balioa duten bonoagaz 40 euroko erosketak egin ahalko dira, eta 14 eurokoekin 20 eurokoak. Sektoreka, bakoitzak establezimendu desberdinetan gastatzeko aukera desberdinak eskaintzen ditu: animalien aterpean, artisautzan, baserriko produktuetan, tabernan eta jatetxeetan edota taxi zerbitzuan.
Urriaren 30era arte. Bonoak salgai daude dagoenerako, eta abuztuaren 30era arte eskuratu ahalko dira udaletxean. Jakinarazi dutenez, urriaren 30era arte erabili ahalko dira.
Bonoak eskuratu gura dutenek udaletxera joan beharko dute. Agintariek gogoratu dutenez, aurretiazko hitzordua eskatu beharko da horretarako, et udaletxea astelehenetik barikura 09:00etatik 14:00etara bitartean dagoela zabalik zehaztu dute. .
Pertsona bakoitzak bi bono eros ditzake, gehienez. NANa aurkeztu beharko dute, eta erosleak adinez nagusiak izan beharko dira. Jakitera eman dutenez, bonoen %75 kortezubitarrentzat erretserbatuko dituzte. Behin horiek erosita, ez dute aldaketarik edota itzulketarik onartuko.
Bonoak transferentziaz, kreditu txartelaz edo metalikoz ordain daitezke, baina transferentziaz edo kreditu txartelagaz ordaintzera animatzen dituzte herritarrak. Transferentziaz ordaintzekotan, diru sartzea bonoak jaso baino arinago egon beharko da eta diru sartzearen agiria aurkeztu beharko da udaletxean. Udalaren kontu korrontea hurrengoa da: ES13 2095 0315 8920 4303 5088 da.