Eusko Jaurlaritzak 140 milioi euro bideratuko ditu enplegua sustatzera
Jaurlaritzaren helburua langabezia tasa "berriro ere" %10etik behera jaistea dela esan du Urkulluk, eta horretarako lau neurri onartu dituzte.
Iñigo Urkullu lehendakariak gaur jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak 140 milioi euro bideratuko ditu COVID-19aren krisiaren ondorioz suntsitutako enplegua berreskuratzeko. “Jaurlaritzak erabakiak hartzen jarraitzen du, unean uneko beharrei eta eskaerei erantzuteko”, esan du lehendakariak.
Jaurlaritzaren helburua langabezia tasa “berriro ere” %10etik behera jaistea dela esan du Urkulluk, eta horretarako lau neurri onartu dituzte Gobernu Kontseiluan. Hori horrela, 42 milioi euro bideratuko dizkie udalei, enplegua sustatzeko tokian tokiko planak martxan jartzeko. Laguntza horiekin “lehentasunezko jardueratzat” jotako sektoreak indartu gura dituzte.
Beste 66 milioi euro langabezian dauden pertsonak prestatzeko erabiliko dituzte. Hain zuzen, langabezian daudenei prestakuntza, diagnostikoa eta aholkularitza pertsonalizatua ematea da diru sailaren helburua, “euren laneratzea errazteko”.
Halaber, gazteen prestakuntza ere bultzatuko dute. Hezibizi programaren beste edizio bat abian jarriko dute, eta horretarako 2,3 milioiko inbertsioa egingo dute. Programa horren bitartez, lanbide heziketan dauden gazteak lanerako prestatu gura dituzte, hezkuntza eta lanaldi praktikoa aldi berean landuz.
Gobernu Kontseiluak, gainera, lanean ari diren eta euren gaitasunak hobetu gura dituztenen prestakuntza sustatuko du, 30 milioi euroko finantzaketagaz. Euren lan egoera hobetzea edota lan egiten duten enpresen aldaketatara egokitzeko prestakuntzak dira bultzatuko dituztenak.
Horregaz batera, hurrengo legealdiari begira ekonomia eta enplegua suspertzeko estrategia berria sortzen ari direla jakinarazi du lehendakariak. Azaldu duenez, hori izan zen joan den astean Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ahaldun nagusiekin izandako bileraren helburua.