Garbigune mugikorra Kortezubin eta Errigoitin dago
Ekainaren 12ra arte, hainbat hondakin botatzeko aukera izango dute herritarrek. Kortezubin frontoiaren ondoan dago, eta Errigoitin, berriz, Urian.
Garbigune mugikorra Kortezubira eta Errigoitira heldu da gaur, eta hilaren 12ra bitartean egongo da erabilgarri. Kortezubin, frontoi ondoan jarri dute, eta Errigoitin, berriz, Uria auzoko Bekoerreka parkinean.
Hala, herritarrek herrian dituzten edukiontzietara bota ezin dituzten hainbat hondakin botatzeko aukera izango dute. Etxekotresna txikiak, sukaldeko tresnak, etxeko olioa (ontzi txietan), sakeleko telefonoak, pinturak eta disolbatzaileak, aerosolak, kutsatutako xurgatzaileak, tonerrak, tintazko kartutxoak, metalezko kapsulak, plastikozko kapsulak, pilak, kableak, CDak, DVDak, kasseteak zein erradiografiak bota ahalko dituzte.
Bizkaiko herritarrentzat birziklatzea errazagoa eta hurbilagoa egiteko helburua daukate Bizkaiko Foru Aldundiaren Garbigune mugikorrek. Edukiontzi ibiltari horietan etxeetan sortutako hondakinak jasotzen dituzte, udalekin aurretiaz adostutako egutegiaren arabera.