EHIGE: "Prebentzio neurriei egokitutako plan bat egiten hasi behar da berehala Hezkuntza Saila"
Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartea ez da konformatu normaltasun egoeran oinarritutako planifikazio batekin. Urruntze eta prebentzio neurrietara egokitutako plan baten alde egin dute.
Ikasle guztiak ikastetxeetara bueltatzea nahi dute Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartekoek, baina itzulera hori, orain arteko ordutegi eta zerbitzu berdinekin eta sortu diren behar berriei erantzungo dieten baliabide berriekin egin behar dela uste dute: “Honek esan nahi du ezin garela konformatu normaltasun egoera batetara bueltatuko garela dioen planifikazio batekin. Hori dela eta, urruntze eta prebentzio neurriei egokitutako plan bat egiten hasi behar da berehala Hezkuntza Saila”.
Ezin direla “erlaxatu” diote: “Normaltasunera bueltatuko garela pentsatzen erlaxatzen bagara, ez digu denborarik emango ikastetxeak modu egoki batean planifikatzeko”. Hori horrela, aurtengo galerak kontuan edukiko dituen, eta horiek errekuperatzeko eta etorkizunean gerta daitezkeen egoerei erantzungo dien planifikazioa behar dela adierazi dute.
Joan den astean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailagaz bildu ziren Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteko kideak, eta hezkuntza saileko ordezkariek jakinarazi zieten datorren ikasturteko plana eragileekin kontrastatzeko asmoa zutela. Prozedura “diskretua” izatekoa zena, baina, ez dela horrela izan adierazi dute. “Plan horren zehaztapen batzuk ezagutu genituen komunikabideen bidez. Informazio gehiago jasotzen dugun heinean egingo dugu balorazio zorrotza”, adierazi dute, momentu honetan zehaztapen horiek ez dituztela baloratuko esanez.