Aldarriak plazara
'Hemen erabaki, herritarrok erabaki' lelopean, eskualde mailako ekitaldia egin zuen Gure Esku-k atzo Gernika-Lumon. Erabakitzearen eta burujabetzan sakontzearen aldeko aldarria kaleratu zuten.
COVID-19a eragindako osasun krisi eta krisi ekonomikoari herri bezala erantzuteko premia eta borondatea erakutsi zuen atzo Gure Eskuk. Hemen erabaki. Herritarrok erabaki leloagaz bat egin zuten Busturialdeko herritarrek, eta euren aldarriak plazaratu zituzten Gernika-Lumon, atzo.
Pasealekuko Auditorioan batu ziren, eta kartelak hamaika aldarri desberdinez bete zituzten. Gero, Gernika-Lumoko Batzarretxea inguratu zuten: “Busturialdeko herritarrok gure aldarriak pilatu eta azaleratu ditugu, auditorioan batu eta Batzarretxea inguratuz. Erabakiak eta etorkizuna herritarron esku nahi ditugu”.
Hamaika Gara mobilizazio bateratuak Euskal Herriko plazak bete ditu –guztira 50 bat herritan egin zituzten ekitaldiak–, eta egungo egoerari herri modura erantzuteko beharra azpimarratu zuten atzo, erabakitzeko eskubidean sakonduz. Gauzak errotik aldatzeko berreraikuntza “herritarren esku” dagoela diote: “Tokiko erabaki burujabeak hemen eta guztion artean erabakiko ditugu. Herritarrok krisi honi ematen zaion erantzunean parte hartu nahi dugu. Etorkizuna berreraikitzea herritarron esku dago”.
Azken urteko lana. Gure Esku burujabetza eta erabakitzeko eskubidea sustatuko dituen elkarlanerako espazio berri bat artikulatzen aritu da azken urtean zehar gizarteko alor askotako eragileekin, eta harreman horiei esker, Hamaika Gara ekimena abiatu zuen martxoaren 11n. Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa bat ardatz hartuta, epe luzeko ibilbide bati ekin zioten, baina, egitasmoa aurkeztu eta egun gutxira, osasun krisiak dena baldintzatu zuen. Hala, sinadura bilketa aldi batez sustatzeari utzi, eta aurreikusitako kale mobilizazioak udazkenera atzeratzea erabaki zuten sustatzaileek.