Batera Garak kolore laranjaz bete gura ditu kaleak domekan
Batera Gara elkarteak kamiseta laranjak jantzita ateratzeko deia egin die herritarrei domekarako, fibrosi kistikoa duten haur eta gaztetxoen alde.
Batera Gara elkarteak fibrosi kistikoa duten haur eta gaztetxoen aldeko maratoi solidarioa egiteko asmoa zuen domekan, Gernika-Lumon. COVID-19aren pandemiaren ondorioz, baina, elkartasun festa hurrengo urtera arte atzeratu behar izan dute, “egoerak bere onera egin eta jaialdia ospatzeko modu segurua izan arte”.
Hala eta guztiz ere, elkarteak eutsi egin nahi dio fibrosi kistikoa duten neska-mutilen aldeko elkartasun taupadari. “Jende asko eta asko zain egon da igande honetan ospakizun erraldoian parte hartu eta aurreko urteetan bezala, sekulako olatu laranja sortzeko”. Horregatik, Gernika-Lumoko eta Busturialdeko herri guztietako bizilagunei dei egiten diete domekan olatu laranja handi bat sortzera. Hala, kamiseta laranja jantzita kalera atertazeko deia egin diete: “Egiten duzuena egiten duzuela ere, kamiseta laranja jantzita atera paseatzera, dendara, kirola egitera edota bizikletan ibiltzera”. Balkoiak , leihoak eta dendetako erakusleihoak ere laranjaz jaztera animatu dituzte bizilagunak.
Fibrosi kistikoa 5.000 jaiotzetatik batek sufritzen du; Bizkaian 50 lagun inguruk sufritzen dute. Gaixotasun arraroa da, eta ikusezin eta ez-ohiko izatea zailtasun “erantsia” dela diote: “Bizimodua eta bizi kalitatea guztiz baldintzatzen ditu”. Modu horretan, domekarako deiagaz, gaixotasuna ikusaraztea bilatu dute, eta, bide batez, gaixotasunarekin bizi behar duten haur eta gaztetxoak laguntzea, “baita euren familia eta zaintzaileak ere”.
Kamisetak eskuragarri. Oraindik kamisetak eskuratu ez dituztenentzat aukerak daudela zehaztu dute antolatzaileek, online eta dendan. Internet bidez erosiz gero, dendan batu ahalko dira eskaerak, Carlos Gangoiti 24. zenbakian, bost euroren truke. Pandemia dela eta, dirua justu eroatea gomendatu dute. Denda zabalik egongo da gaur, eguen eta barian 17:00etatik 19:00etara, eta, zapatuan, 11:30etik 13:30era bitartean.