Gazte bat atxilotu dute Arratzun, marihuana landatzen zuen etxean sutea piztu eta gero
Segurtasun sailak adierazi duenez, kanpin-denden azpian kokatutako 50 landare eta lehortzeko kukuluak aurkitu zituzten.
Eusko Jaurlaritzako segurtasun sailak jakitera eman duenez, 25 urteko gazte bat atxilotu zuten atzo goizean Arratzun, etxebizitza barruan marihuana landatzeagatik. Azaldu dutenez, koadro elektriko batean izandako arazo baten ondorioz piztu zen sutea, eta hala ohartu ziren landaketaz.
Hamaikak aldera jaso zuen sute baten abisua Ertzaintzak, eta herritarren babeserako patruila bat bertaratu zen bertara. Heltzean, suhiltzaileek arazorik gabe itzali ahal izan zuten “sute txikia”, eta koadro elektriko batean piztu zela baieztatu zuten.
50 landare. Segurtasun sailak adierazi duenez, kanpin-denden azpian kokatutako 50 landare eta lehortzeko kukuluak zituzten 7 zintzilikario aurkitu zituzten barruan. “Lanpara elektrikoz, erauzgailuz eta gainerako tresnez hornituta zegoen etxebizitza, aleen hazkundea errazteko”, azaldu dute.
25 urteko gizon bat bertaratu zen gero. Legez kanpoko landaketa horren arduraduna zela egiaztatu ondoren, atxilotu egin zuten, “osasun publikoaren aurkako delitu baten ustezko egilea delakoan”. Gernikako ertzain-etxera eraman zuten, epailearen esku jarri aurretik egin beharreko izapideak egiteko.