Eusko Jaurlaritzak Gernikako bonbardaketaren omenaldia baimendu du azkenean
Atzo goizean, Jaurlaritzak ekitaldia debekatzea erabaki zuen. Azkenean baimendu egin dute ekitaldia, eta jakitera eman duenez, udalaren webgune eta sare sozialetan streaming bidez ikusi ahalko da.
Gernika-Lumoko Udalak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak, azkenean, baimendu egin du biharko lore-eskaintza egitea Zalloko hilerrian, atzo goizean ekitaldia debekatzea erabaki eta gero.
Hori horrela, ekitaldia hasieran aurreikusita zuten bezala egin ahalko dute; hala ere, “kargu publikoen kopurua gehiago mugatu dute”. Hilerriko ekitaldian Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkatea egongo da. Aurreko ostiralean bueltatu zen etxera, koronabirusagatik ospitalean 21 egun eman ondoren.
Bonbardaketaren biktimak gogorarazteko hilerriko omenaldiaz gain, udalak Jose de Labauria eta George Steer kazetari britainiarra omenduko ditu.
Ekitaldietara publikoa ezin izango da joan, eta osasun-agintariek iragarritako prebentzio neurriak errespetatuko dira. Herritarrek internetez jarraitu ahalko dute hilerriko omenaldia, streaming bidez emango baitute udaleko webgunean eta sare sozialetan.