Liburuaren Nazioarteko Eguna, sare sozialetan
Aldundiak #LiburuekKonektatzenGaituzte traolarekin gomendatutako irakurketen sare bat sortzea proposatu du. Irakurketa Publikoko Sareak iazko balantzea egin du, eta, lehenengoz, milioi bat erabiltzaile baino gehiago izan zituen.
Liburuaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta Bizkaiko Foru Aldundiak ekimen bat jarri du martxan bere sare sozialetan. Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako Irakurketa Publikoko Sarean bildutako liburutegi zerbitzuek ere, irakurtzeko gonbidapena egin diete irakurleei.
Herritarren artean irakurketa sustatzeko, liburuak gomendatzeko sare bat sortzea proposatu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Herritarrek#LiburuekKonektatzenGaituzte traola erabili behar dute sareetan liburu bat gomendatzerakoan. Osasun krisiak eragindako konfinamendu egoera honetan lehenengoz aurkeztu dute honako erronka, Konekta nazazu zure libururik gustukoenarekin izenburupean.
Erakundeak, bada, erabiltzaileak bultzatu nahi ditu beren libururik gustukoenak traola hori erabiliz komentatzera edo proposatzera. Liburuaren Nazioarteko Eguna bizkaitarrei hurbiltzeko, horien artean irakurtzeko ohitura eta grina sustatzeko eta, aldi berean, gizartea ezagutza eta jakintzaren garrantziaz ohartarazteko helburuagaz egingo dute.
Horrez gain, kulturaren garrantzia nabarmentzeko era bat dela zehaztu dute, eta ezohiko konfinamendu egoera honetan kulturak, oro har, eta irakurketak, bereziki, duten garrantziaz gogoeta egitera bultzatu gura dituzte.
Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako Irakurketa Publikoko Sarean bildutako liburutegi zerbitzuek ere, irakurtzeko gonbidapena egin diete irakurleei. Horretarako, Maite Gurrutxagak egindako ilustrazio bat baliatu dute. “Garrantzitsua iruditzen zitzaidan bizi dugun egoera islatzea. Horrekin batera, azaldu nahi nuen nola badagoen beste modu bat etxetik irten gabe beste mundu batzuk bisitatzeko eta ezagutzeko, bizitzekoa. Eta hori irakurketaren bidez lor dezakegu”, azaldu du Gurrutxagak.
Milioi bat irakurle baino gehiago. Irakurketa Publikoko Sareak iazko balantzea egin du. Konfinamenduaren ondorioz liburutegiek salbuespenezko egoera bizi badute ere, euskal liburutegiek datu bikainak eskaini zituzten iaz. 2.744.226 mailegu egin ziren Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan, aurreko urtean baino 120.000 gehiago. Eta, lehen aldiz, milioi bat erabiltzaile baino gehiago izan zituen, 1.036.217 erabiltzaile hain zuzen; aurreko urtean baino 41.038 gehiago.
Une honetan liburutegi gehienek ez dute formatu fisikoko liburuen mailegua eskaintzen, baina konfinamendua hasi zenetik eLiburutegiaren bidezko mailegu digitalak biderkatu egin dira. Otsailean, konfinamenduaren aurretik, maileguak eguneko 190 eta 260 artekoak ziren, eta azken asteetan egunero 1.000 eta 1.200 mailegu artean bideratzen ari dira.
Martxoa izan zen eLiburutegiaren bidez mailegu gehien erregistratu ziren hilabetea, nahiz eta apirilean kopuru hori gaindituko den. Hain zuzen, eLiburutegiaren hilabeterik aktiboena izango da 2014ko azaroan abian jarri zenetik; orain arte 22.000 mailegu baino gehiago egin dira apirilean; martxoan 18.539 egin ziren; otsailean, 6.553; eta, urtarrilean, berriz, 7.571.
ELiburutegiak eskaintzen dituen 20.000 tituluen artean, Dolores Redondoren La cara norte del corazón eta Karmele Jaioren Aitaren etxea dira gehien eskatzen ari direnak.
Liburuak aurrez aurre mailegatzeko zerbitzua duela hilabete baino gehiago ia erabat eten zen arren, liburutegi zerbitzu askok gomendio zerbitzuak eskaintzen dituztela diote, “irakurketa-gidak eta mailegu digitalei buruzko zalantzak argitzeko”.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Liburutegi Zerbitzuak 2004an sortu zuen Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea, Euskadiko liburutegi publiko guztiak biltzeko, sinergiak sortzeko eta zerbitzuak hobetzeko. Sare hori batez ere udal titulartasuneko liburutegiek osatzen dute, nahiz eta zerbitzu horretan udalaz kanpoko titulartasuna duten beste batzuk ere sartzen diren; besteren artean, Eusko Jaurlaritza, Euskadiko Artxibo Historikoa edota habe.