Egunean ordubetez atera ahalko dira haurrak domekatik aurrera
Goizeko bederatziretatik gaueko bederatzira arteko tartean atera ahalko dira, kilometro batera urrutienez.
“Domeka honetatik aurrera, hamalau urtez azpiko haurrak egunean behin atera ahalko dira kalera, etxetik kilometro batera urrutinez”, adierazi du Pablo Iglesias Espainiako gobernuko presidenteordeak. Halaber, goizeko bederatziretatik gaueko bederatziretara artekoa izango dela dio.
Iglesiasek punta-puntako orduak saihesteko gomendatu du, kutsatzeko arriskua ahalik eta gehien saihesteko. Jakinarazi duenez, haurrak guraso edota anai-arreba nagusiekin atera ahalko dira: “Gehienez hiru haur atera ahalko dira batera”.
Haurrek jolasteko materiala atera ahalko dutela esan du, baloia eta patinak esaterako. Hala ere, parkeetara ezingo direla joan zehaztu du, ez eta haurrentzako kalean dauden jolasgune komunak ere ezingo dituztela erabili esan du: “Birusa ez zabaltzeko ezingo dituzte gune horiek erabili. Segurtasun neurriak dira”. Landa eremuan bizi diren haurrek, aldiz, mendi ingurura joateko aukera izango dute, “betiere ordutebez”.
Hala, kalera irteterakoan segutasun tartea mantendu beharko direla esan du: “Oso garrantzitsua da beste umeekiko segurtasun neurriak errespetatzea”. Sintomak dituzten haurrak edo berrogeialdian dauden haurrak ezingo direla etxetik atera nabarmendu du gainera.
Hurrengo egunetan gida bat kaleratuko dutela esan du Iglesiasek, “herritar guztiek neurrien berri izateko”.
Adituekin adostuta. Salvador Illa Osasun Ministroak, bere aldetik, haurrak ateratzeko plana pediatra, psikologo, irakasle eta epidemiologoekin batera adostu dutela gaineratu du. Hala, haurrek ere segurtasun eta higiene neurriak bete beharko dituztela adierazi du, eta horiek bete ezin direnean maskarak erabili beharko dituztela esan du. “Maskarak erabiltzeak, baina, ez du esan nahi bi metroko segurtasun neurriak ez betetzea”.