Zaintza lanaren errealitatea balioan jartzeko bloga prestatzen dabiltza
Gernikako Sare Feministak zaintzaileei ahotsa emango die, beste behin. Blog bat kaleratuko dute egunotan, eta zaintzari buruzko testigantzak, berriak eta hausnarketak bilduko dituzte bertan.
Zaintzaileen ahotsa entzunaraztea inoiz baino premiazkoa dela uste dute Gernikako Sare Feministako kideek, eta zaintzen ari diren horiei ahotsa eman gura diete. Euren errealitatea mahaigainean jarri gura dute, eta horri buruz hausnartu. Hori horrela, Zaintzak baditu milaka aurpegi, lehen eta orain ekimena martxan jarri dute. Blog bat kaleratuko dute egunotan, eta bertan bildu gura dituzte zaintzari buruzko testigantzak, berriak eta hausnarketak.
Zenbait kontu bukatzeke dituzte, baina bloga aste honetan zehar publikatzea aurreikusi dute. “Zaintza ikusezin bilakatu nahi zutenen aurrean, mugimendu feministak zaintzaren balioa errekonozitu eta lan hauek ordenatu ahal izateko hausnarketaren beharra mahai gainean jarri zuen”, adierazi dute sareko kideek. Orain, zaintzako subjektu ezberdinek –langileek, familiartekoek edota komunitateko kideek–, lehen eta orain bizi duten zaintzaileen egoera kontatzea bilatu dute: “Eta errealitate horietatik abiatuta ekingo diogu eskaerak eta aldarrikapenak zehazteari”.
Orain hasi dira bloga prestatzen, baina etorkizunera begirako plataforma da. Oraingo errealitatea koronabirusari buruzkoa izango da gehienbat, baina iraganeko eta etorkizuneko testigantzak eta berriak jasotzeko asmoa dute: “Alarma egoera bukatuta ere, lanean jarraituko dugu”.
Hasieran testigantzak batzea zen sareko kideen asmoa, lehengo eta oraingo testigantzak: “Ez dugu bakarrik koronabirusak sortutako egoeraz hitz egitea bilatzen. Baizik eta zaintza andrazkook beti bete izan dugun lan bat dela kontutan hartuta, esperientzi batze bat bultzatu gura genuen hasieran”. Horrela hasi ziren, baina arazo desberdinak tarteko, modu zabalago batean egitea pentsatu dute. Zahar etxeetako testigantzak jasotzen aritu zirenean arazoak izan zituzten, eta, beste alde batetik, ekarpenak egiteko prest zegoen jendea aurkitu zuten, baina ez testigantza egiteko beste. Hala, bloga sortzea erabaki zuten.
Bost ardatz. Blogean, hausnarketari leku bat eman gura diote: “Jendeak kontsultarako lekua izatea bilatu dugu, ez bakarrik testigantzak zabaltzeko lekua izatea”. Horretarako lanean dabiltza, eta bloga bost ataletan banatzea erabaki dute. Alde batetik famili barruko zaintzari egingo diote lekua, etxeko nagusi eta txikien zaintzari hain zuzen. Zaintza profesionala ere landuko dute, zahar etxe, gizarte zerbitzuetan edota osakidetzan zaintzara bideratzen diren profesionalei. Zaintzaileen estatusa aitortu barik duten etxeko langileen testigantzak ere jaso gura dituzte. Eta, azkenik, Zaintzart izeneko tartea sortu dute: “Hausnarketak idatzizkoak ez diren bestelako erara sartzeko atala da, direla bertsoak, argazkiak edota eskulanak”.
Gai horiek testigatza zein aldarrikapenekin jorratuko dituzte. Zaintzari buruzko informazio asko dagoela diote, eta komunikabideetan publikatzen dituzten iritzi artikulu zein berriekin osatuko dituzte atalak. “Ez da guk denbora guztian produzituko dugun zerbait. Saiatuko gara testigantza, aldarrikapenak eta berriekin elikatzen”.
Parte hartzea. Orain Gernikako Sare Feministako kideek bloga hornitzeko datuak bildu gura dituzte, eta herritarrei laguntzeko deia egin diete: “Proposatzen dizuegun lana hau da: Ahalik eta zaintza errealitate gehien biltzea, lehen pertsonako testigantzak batuz. Denok daukagu zer esan kontu honetan, zaintzailea ez dena ere, hauez inguratuta bizi delako”.
Hori horrela, herritarrei parte hartzeko deia egin diete, eta euren ekarpena egin gura dutenek Gernikako Sare Feministaren Facebook, Twitter eta Instagram kontuak baliatu ahalko dituzte: “Ekarpenak egin gura dituenak sare sozial horietara bidali dezake informazioa”. Halaber, hurrengo helbide elektronikoa ere jarri dute martxan: sarefeministagernika@gmail.com.