Memoria eta bakea online lantzeko aukerak sendotu ditu Bakearen Museoak
Bakearen Museoaren webgunea eta sare sozialak baliatuz, hainbat zerbitzu berri jarri ditu martxan: mintegiak, bideoak, jokoak edota liburuak herritarren eskura jarri dituzte.
Memoria eta bakearen bidea online egiten izenburupean, online egiteko hainbat ekintza prestatu ditu Gernika-Lumoko Bakearen Museoak.
Konfinamendu garai honetan, munduari, zaintzari, memoriari eta gure lotura afektiboei buruzko hausnarketa ugari egiteko aukera dagoela deritze museoko arduradunek, eta horrelarako lanean dabiltzala diote: “Museoko langileak gogor dabiltza lanean jendearentzako baliagarriak izan daitezken baliabide eta zerbitzuak eskeintzeko”. Hori horrela, lan-ildo digitala sendotu du museoak, eta webgunea eta sare sozialak (Facebook, Twitter, Instagram eta Youtube) baliatuz, hainbat zerbitzu berri jarri ditu martxan.
Hori horrela, museoko liburuak doan deskargatu daitezke, eta Gernikako Bonbardaketari buruzko Dokumentazio Zentroko liburuen datu basea ere kontsulta daitekeela jakinarazi dute.
Etxeko txikiekin memoria lantzeko jolasak prestatu dituzte: Historioen kuboa eta Geldi!. Bi jolas horiekin gaztetxoenek gozatzea bilatu dute, eta argibideak museoaren sare sozialetan publikatu dituzte.
Youtubeko kanala ere eguneratuta dute, eta bertan, museoan burututako mintegiak, kontzertuak zein bisita bidatuak ikus daitezke. Besteren artean, museoaren 20. urteurrena ospatzeko “Musika museoan” ekitaldia ikus daiteke. Bertan, Segundo Olaetako musikarien emanaldiak ikusi daitezke. Bonbardaketak Euskadin izeneko mintegia ere bildu dute. Paul Preston, Xabier Irujo, Patxi Juaristi, Angel Viñas, Iosu Gallarreta, Iñaki Goiogana, Joseba Agirrezakuenaga, Jesus Gutierrez eta Aitor Miñambres aritu ziren bertan.
Halaber, Bakearen Museoa ezagutzeko bideo bidezko bisita gidatuak igo dituzte.
Aurrera begira. Museoko langileak gelditu barik dabiltza, eta ibilbide gidatu berrien prestakuntzan buru belarri ari dira lanean. Memoritour Euskadi edota Ondarearen Jardunaldiak prestatzen dabiltza besteren artean.
Gernikako Bonbardaketaren 83.urteurrena gogoratzeko programa onlinea bat ere egingo dutela ere jakinarazi dut arduradunek. Eta uda osterako, Txiletik udalerrira helduko den Joaneko Txartela izeneko aldi baterako erakusketaren prestakuntzagaz ere badabiltza. “Inoiz baino biziago eta aktiboago dago museoa. Hala, memoria eta bakearen bidea egiten jarrai dezakegu”.