Haurtzaro eta familia arloa zaintzeaz ere arduratuko da mankomunitatea
Herritarrentzako arreta zerbitzuaz, adineko pertsonen zaintzaz eta gizarte arriskuan daudenak zaintzeaz gain, haurtzaro eta familia arloa zaintzeaz ere ardaturatuko da Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea.
COVID-19 eragindako osasun alarma egoeraren aurrean, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak bere baliabideen berri eman gura die herritarrei. Herritarrentzako arreta zerbitzuaz, adineko pertsonen zaintzaz eta gizarte arriskuan daudenak zaintzeaz gain, haurtzaro eta familia arloa zaintzeaz ere arduratuko da mankomunitatea.
Hala, laguntza prozesuak zabalik dituzten familiekin kontaktuak jarraituko dute, “salbuespen egoerak euren bizi kalitatean sor ditzakeen gora beheretan laguntza eta babesa eskaintzeko”. Horretarako, gizarte langileak, hezitzaileak eta psikologoak telefono edota bideo deien bidez dabiltza lanean; 94 625 51 22 da mankomunitateak ahalbidetutako telefono zenbakia, eta gizarte-zerbitzuak@busturialdea.eus helbide elektronikoa. Ikastetxe eta Berritzegunearekin ere lankidetzan dabiltza, umeei “denen artean” arretarik egokiena eskaintzeko.
Arriskuan daudenak. Zailtasun ekonomikoak dituzten familientzako laguntza Gizarte Larrialdietarako Laguntzen bitartez oinarrizko beharrizanetarako laguntzak bideratzen dituztela diote: “Behin behineko lana edota lan baldintza eskasen ondorioz diru-sarrerarik gabe gelditu diren familiei zuzenduta daude”. Beharrezkoa denean, eskualdeko Gurutz Gorriarekin eta Caritasekin elkarlanean ari dira, familia hauei laguntza gehigarriak eskaintzeko, bai laguntza ekonomikoen bitartez, bai elikagaien banaketaren bitartez.
Adineko pertsonen zaintzari dagokionez, arriskuan daudenak elkartasun- sareekin harremanetan jartzen dituzte, Gurutz Gorria eta herriz herri sortu diren taldeen bitartez laguntza jaso eta isolamendu egoerak ahal den neurrian saihesteko. Halaber, baten batek familiarteko norbait zaintzera joan behar badu, zerbitzutik jakinarazpena egiten dituztela gogorarazi dute.
Halaber, herritarrei telefonoz zuzendutako arreta 07:30etatik 15:00etara ematen dutela gogorarazi dute. “Familiak edo herritarrek premiazko beharrizana izanez gero, gure eskumena diren laguntza eta zerbitzu guztiak bideratzen ditugu”. Immigrazio zerbitzua eta lege aholkularitza zerbitzuak ere martxan dituzte, ohiko ordutegian eta telefono bidez. Hala ere, larritasun bereziko egoeraren bat sortuko balitz, arreta presentziala emateko aukera ere zabalik dutela adierazi dute.