Herritarren konfinamenduari buruzko lehiaketak antolatu dituzte Ean
Argazki lehiaketa egin zuten aurreko astean, eta oraingoan, berriz, marrazki lehiaketa martxan daukate.
Etxean Eako konfinamedurako kultur egitarauaren barruan, Domekatik domekara argazki lehiaketa egin zuten aurreko astean, Ean. Orain, berriz, marrazki lehiaketa martxan daukate.
Konfinamendu sasoian herritarren egunekorotasuna islatu gura dute bi lehiaketekin, eta kirol eta kultur sariekin herritarren jarrera eskertu eta txalotu.
Domekatik domekara marrazki lehiaketan parte hartu gura dutenek konfinamenduko marrazkiak posta elektronikoz edo WhatsApp bidez bidali behar dituzte: kultura.ea@bizkaia.org edo 649 354 834.
Etxean konfinatuta norekin dauden, etxetik irten ahal direnean ze kirol egingo duten, eurentzat herriko paisaiarik gustukoena zein den, konfinamenduak zer sentiarazten dieten edota beste hamaika kontu jaso ditzakete herritarrek euren marrazkietan.
Argazki lehiaketagaz moduan, aste osoa dago parte hartzeko eta domekan aukeratuko dute irabazlea. Herrijeri Emon Arnasa Elkartearen eskutik liburu sorta jasoko du irabazleak.
Argazki lehiaketa. 12 argazki aurkeztu zituzten aurreko asteko argazki lehiaketara, eta Mari Jose Luqueren argazkia da irabazlea. Eskolondoko gimnasiorako urteko bonoa izan da argazki lehiaketaren saria.
Jakitera eman dutenez, hurrengo asteetarako ere lehiaketak prestatzen ari dira, eta datorren astekoa bertso lehiaketa izango dela zehaztu dute.
Kultur egitarau zabala. Etxean Eako konfinamedurako kultur egitaraua askotariko edukigaz osatzen ari dira. Udalerrikoen zein kanpokoen edukiak sartzen dituzte bertan: kirol ariketak, kontzertuak, eskulanak, telesailak, errezetak, esperimentuak, kantak, laburmetraiak… PDF formatuan bilduta, orri interaktiboa osatzen dute astero, eta herritarrek izenburuan klik eginez jotzen dute edukira.
Egitarau zabala eta anitza dela adierazi dute, eta herritarrek parte hartzeko aukera daukatela gogoratu dute. “Edonork bere ekarpena egin dezake, adibidez, bideo batean errezeta bat edo kanta bat bidali dezake”.
Apirilaren 6an jarri zuten martxan kultur egitaraua eta konfinamenduak iraun bitartean mantenduko dute. Kultur grebagaz bat egin dutenez, bihar eta etzi (apirilak 21 eta 22) ez dute edukirik zabalduko.