Greba digitalarekin bat egin dute ehunka kulturgilek
Bihar eta etzirako deitu dute greba. Diziplina guztietako 800 sortzaile eta eragile baino gehiagok egin dute bat deialdiarekin.
Euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen duten hainbat eragile desagertu egingo dira bi egunez, bihar eta etzi: “Oihala jaitsiko dugu eta sareetan zein hedabideetan ez dugu inongo ekimenik egingo, ez dugu zuzeneneko edo grabatuko emanaldirik ez eskainiko ez partekatuko. Oihala jaitsiko dugu eta gure ahotsa isilduko dugu, entzun gaitzazuen”.
Koronabirusaren hedapenari aurre egiteko hartutako neurrien ondorioz, Euskal Herriko kulturgintza larri dagoela ikusi dute eta greba digitala egiteko deia zabaldu dute. Hamaika diziplinatako profesionalek bat egin dute deialdiagaz, dagoeneko 800 atxikimendu baino gehiago batu dituzte kulturgintzan.eus webgunean, eta goraka doaz. Bertsolariak, musikariak, idazleak, aktoreak, arte hezitzaileak, artistak, aktore elkarteak, dantza taldeak, dantzariak, kultur aretoak… daude bertan. Aipatu webgunean aurki daiteke deialdiarekin bat egiteko bidea. Konfinamendua amaitzerakoan askoz eraginkorragoak izango diren ekimenak abiaraziko dituztela esan dute.
Gogorarazi dutenez, koronabirusaren hedapenaren eraginez Euskal Herrian ezarri den itxialdiak bertan behera utzi ditu hilabete honetarako programatutako ehunka kultur ekitaldi; horrek kulturgileei eragin dien kaltea nabarmendu dute. “Lehendik kulturgileen, sortzaileen zein artisten egoera nahiko prekarioa bazen, jazoera berri honek larrialdia areagotzea ekarri du”. Horregatik guztiagatik, larrialdirako eta haren osterako neurriak eskatzen dituzte. Euskal Herri osoko erakunde publiko guztiei eskatu diete kalteei erantzuteko premiazko neurriak hartzeko. Momentuko larrialdiaz harago ere jo gura dute, eta epe ertain-luzerako “bestelako proposamenak” ere plazaratzeko deia egin diete erakundeetako arduradunei.
Bestalde, Euskal Herriko kulturgintzaren ekosistema ere aktibatzeko asmoa agertu dute deitzaileek, eta itxialdia amaitzen denean, topaketa batera deitu gura dituzte eragile guztiak; “euskal kulturgintzaren gabezia eta premia larriei aurre egiteko zer egin proposatu, eztabaidatu, adostu eta gauzatzeko”.
Kultura entretenimendua baino gehiago dela aldarrikatu dute greba deialdirako idatzitako testuan. Itxialdian, gainera, kulturgileek emanaldiak eskaintzen jarraitzen dutela gogoratu dute.