Etxealditik Euskaraldira ekimena jarriko dute martxan barikuan
Etxekoekin eta etxetik ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsarazteko eta euskararen erabilera bultzatzeko helburuak ditu Euskaraldiaren ekimenak.
Ohitura aldaketa etxetik hasten delako, Etxealditik Euskaraldira ekimena martxan jarriko du barikuan [apirilak 24] Euskaraldiak. Baina gaur hasita, hizkuntza ohiturei buruz hausnartzeko ariketa egitea proposatzen dute.
Bi helburu nagusi ditu:etxekoekin eta etxetik ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea eta euskararen erabilera sustatzea, horretarako bitartekoak eskainiz.
Gaurtik maiatzaren 3ra etxean eta etxetik ditugun harremanetan (hau da, gertukoekin ditugun harremanetan) ditugun hizkuntza portaerak aztertu eta horiek aldatu edo finkatzeko ariketa proposatu du Euskaraldiak. Horrela, azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldia prestatuko dute euskal herritarrek, “euskara gehiago, gehiagorekin, gehiagotan erabiltzeko”.
Ekimenak dirauen egunetan, goizero Euskaraldiaren sare sozialetatik bideo laburrak eta mezuak eskainiko dituzte Etxealditik Euskaraldira ekimena sustatzeko eta herritarren parte hartzea bultzatzeko. Gaur ekimena aurkezteko lehen mezua argitaratu ostean, bihartik eguenera, hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa egiteko proposamena zabalduko dute, eta 24tik 30era egunerokotasunean eta ohiko egoeretan oinarritutako zazpi ideia-proposamen kaleratuko dituzte. “Etxean etxekoekin eta etxetik senide, lagun zein ezagunekin egiteko moduko praktikak edo ideiak izango dira. Aukerazkoak izango dira eta bakoitzak erabakiko du noiz egin. Baina, pare batek egun zehatzak izango dituzte. Adibidez, apirilaren 30ean proposatuko dugunak”, azaldu du Rita Aldabaldetreku Euskaraldiaren koordinatzaileak.
“Bizi dugun ez ohiko egoera larri honetan guztiok dugu besteekin hitz egiteko nahia, beharra eta gogoa”, adierazi du Kike Amonarrizek. Euskara gehiago, gehiagorekin, gehiagotan erabiltzeko helburuaren garrantzia azpimarratu du. Eta aurtengo Euskaraldiari begira, Euskal Herriko Belarriprest eta Ahobizi guztiei zuzendutako prestaketa edo beroketa izango den ekimenaren nondik norakoak azaldu ditu.
Aipatu moduan, ekimen honen oinarrian bi zutabe daude. Hizkuntza ohiturei buruzko hausnarketa da horietako bat, eta hori kontuan hartuta hizkuntza ohiturak aldatzea da bestea, “hizkuntza ohiturak astintzea”, eta euskarakoak baldin badira bere horretan finkatzea: “Besteekin ze hizkuntzatan hitz egiten dugu? Nola? Zergatik? Etxekoekin gure hizkuntza ohiturak aldatzen edo finkatzen baldin baditugu, askoz ere errazagoa izango zaigu kalera irtetzen garenean, horiek mantentzea edota Euskaraldira iristen garenean ere, gure hizkuntza ohiturak aldatzea edo finkatzea”.
Euskaraldiaren koordinatzailearen berbetan, gaurtik egin beharreko hausnarketa oso garrantzitsua da “zeinekin zein hizkuntzatan hitz egiten dugun jabetu eta zer aldatu gura dugun jakiteko”.
Proposamen hau parte hartzailea izatea gura dute, eta herritarrek egiten dutenaren berri izan. Horretarako, apirilaren 24tik 30era helaraziko dituzten proposamen guztietan emango dute parte hartzeko moduaren berri. Sare sozialetan ez ezik, etxeko balkoi eta leihoetan Euskaraldiaren puntu edo borobiltso koloretsuak jartzera animatu dituzte herritarrak.
Askotariko proposamenak prestatu dituzte. Besteak beste, euskarazko zinema etxeetara eroango dute, etxeko mahai jokoak, kartak eta antzerakoak atera eta euskaraz jolasteko gonbidapena luzatuko dute eta baita zapatuan online eta euskaraz poteatzeko aukera ere.
*EGUTEGIA: