Bihartik aurrera PCR eta test azkarren emaitzak bereizita emango ditu Jaurlaritzak
Osasun Sailetik egunero ematen dituzten datuetan zehaztu egingo dituzte PCR eta test azkarren positiboak. Gaur arte, bien baturen emaitza eman dute.
Espainiako Osasun Ministerioaren eskaera kontuan hartuta, bihartik aurrera, eguneroko buletinean PCR eta test azkarren emaitzak bereizita emango ditu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak.
Horixe iragarri du gaurko agerraldian Miguel Sanchez Fernandez Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak. Izan ere, gaur arte eskaintzen ziren kasu positiboen kopurua PCR eta test azkarren baturaren emaitza izan da.
Hain zuzen ere, gero eta test gehiago egitea da Jaurlaritzaren erronka eta lehentasuna. Gaur emandako datuen arabera, 57.284 proba egin dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan (atzo 2.340 test). Osatzen ari diren edo alta emanda dauden pertsonen kopuruak ere gora egiten jarraitzen duela nabarmendu du Sanchezek; atzora arte 7.124 pertsona ziren horiek. Hain zuzen, kutsatuei, ospitaleratuei eta ZIUetako okupazioari buruzko datuen bilakaera positboa dela esan du.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 12.628 positibo daude, eta horietatik 974 herritar daude ospitaleetan ingresatuta. Atzo 19 pertsona hil ziren COVID-19aren ondorioz. Gaur gaurkoz, 1.081 hildako utzi ditu pandemiak.
Gaurko datuen arabera, Busturialdean 251 positibo daude: Bermeon 94, Gernika-Lumon 63, Mundakan 37, Busturian 31, Elantxoben 4, Foruan, Gautegiz Arteagan eta Kortezubin hiruna, Arratzun, Ibarrangelun, Morgan eta Sukarrietan bina eta Ereñon, Errigoitin, Mendatan, Muxikan eta Nabarnizen bana.