Aurtengo Arrain Azoka birtuala izango da
Postuak kalean jarri ezin direnez, etxeetara eroan gura dituzte. Arrain Azoka birtuala maiatzaren 18tik 24ra izango da, hain zuzen ere.
COVID-19ak sortutako osasun krisiaren eraginez, aurtengo Arrain Azoka ezberdina izango da, ohiko formatua bertan behera utzi beharra eduki dute. “Ez da erabaki erraza izan, baina ez da beste erremediorik egon”, azaldu dute.
Bermeoko Udalak eta arrantza sektoreko enpresek osatzen duten Arrain Azoka Elkarteak asteak daramatza lanean helburu batekin: aurtengo Arrain Azoka egungo egoerara moldatzea, eta bere espiritua mantenduz eta arrantza sektorea eta izaera balioan jarriz, ekimen hau aurten ere egitea. Hala, “gogor” lanean dabiltza urtea zuriz ez uzteko; horregatik, azoka birtuala egitea erabaki dute. Ekimena bertan behera uzteko eta formatua aldatzeko erabakiak aho batez hartu direla diote, “sektorearekin uneoro kontsultak eginik eta adostasunak bilatuz”.
Postuak kalean jarri ezin direnez, etxeetara eroan gura dituzte: “Egoera berriak irtenbide berriak ematea ekarri du, baina betiko espiritua mantenduz”. Arrain Azoka birtualak helburu bikoitza izango du: Arrain Azokak denon egutegian jarraitzea eta sektoreko enpresei erakusleiho garrantzitsu bat eman eta negozio aukera berri bat eskaintzea.
Aurtengo Arrain Azoka maiatzaren 22tik 24ra ospatzekoa zen, azoka birtuala, hala ere, luzeagoa izango dela zehaztu dute: maiatzaren 18tik 24ra, hain zuzen ere.
Jakinarazi dutenez, Arrain Azokak webgune berria estreinatu behar zuen aurten, eta hori bai mantendu egingo dute. Webgune berriak, Azoka Birtuala izateaz gain, beste gainbat gauza eskainiko dizkio bisitariari: berriak, emandako Hegaluze Sariak, erronka garbiaren gaineko informazioa, solidaritza gunea, babesleen eta kolaboratzaileen izenak, aurreko urteetako egitarauak, urte guztietako kartelak, argazki eta bideoak… Hori guztia helbide honetan aurkitu ahalko da: www.bizibermeo.eus/arrainazoka.
Argi daukate betiko Arrain Azokak beste hainbat aukera eskaintzen dituela: “Bermeoko komertzio eta ostalari askorentzako oso egun garrantzitsuak dira, milaka lagun elkartzen baitira herrian. Azoka Birtualak betiko Arrain Azoka %100ean ordezkatuko ez badu ere, inpaktu negatiboa minimizatzen saiatuko da formatu berri honi esker”.