Udal tasa eta zergak ordaintzeko epea luzatu du Bermeoko Udalak
Herritarrei ez zaizkie kobratuko eman gabe geratu diren hainbat zerbitzu eta negozioak itxi behar izan dituzten merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresei sastar batze tasan deskontuak egingo zaizkie.
Bermeoko Udalak neurri zehatzak hartuko ditu COVID-19ak sortu dituen hainbat arazo gutxitzen saiatzeko. Diotenez, egoera hau “berezia eta larria” da guztiontzako, hala ere, zenbait sektoretan “eragina zuzenagoa” izango dela uste dute.
Udalak, hortaz, tasa eta zergen ordainketak egiteko epea luzatzea erabaki du. Martxoaren 14tik aurrerako ordainketa epea daukaten ordainketak atzeratu egin dituzte, eta alarma egoera hasi denetik aurrera egin beharreko ordainketen erreziboak ez dituztela igorriko jakinarazi dute, alarma egoera amaitu arte.
Era berean, herritarrei ez zaizkie kobratuko eman gabe geratu diren hainbat zerbitzu; Musika Eskolako tasa, kirol ikastaroak edota Araneko kiroldegiko kuota, esaterako.
Bestalde, udal jabari publikoan dauden merkatari, ostalari eta zerbitzu-enpresei ez zaie itxialdiaren epeari dagokion parte proportzionala kobratuko (alokairuak, emakidak eta okupazio-tasak). Ostalaritzakoek ere, terrazen gaineko zergarik ez dute ordaindu beharko zarratuta dauden bitartean. Gainera, negozioak itxi behar izan dituzten merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresei sastar batze tasan deskontuak egingo zaizkie.
Neurri horiek guztiak gainontzeko erakundeek hartzen dituztenekin bateragarriak izatea gura dute udal arduradunek, eta horretarako, unean une aztertzen joango direla azaldu dute “modu koordinatuan”.
Autonomo eta herriko enpresek, berriz, aholkularitza zerbitzua jaso ahalko dute; “izan ere, erakunde guztietatik sektore hauentzako laguntza neurriak iragartzen hasi dira”. Horregatik, Bermeoko autonomo eta enpresei informazio hori guztia modu antolatuan emateko eta egin beharreko izapideen gaineko informazioa eta laguntza eskaintzeko zerbitzua martxan jarri du Bermeoko Udalak Behargintzaren bitartez. Informazioa gura duenak arreta zuzena jasoko du 94-617 91 90 telefono zenbakian edota autoenplegua@bermeo.eus helbide elektronikoan.
Udal gobernuak adierazi du gainontzeko erakundeekin elkarlanean jarraitze duela, bai eta herriko merkatari eta ostalarien elkarteekin harremanetan ere.