"Danok erantzukizunez jokatzen badugu, egon seguru krisi honetatik aterako garela"
70 urtetik gorako pertsonei eta bakardadean bizi direnei telefonozko jarraipena egiten die Eako Udalak, eta Beletxe elkarteagaz elkarlanean bolondres taldea osatu du. Bestalde, garbiketa lanetan esfortzu berezia egiten ari direla dio alkateak.
Iratxe Arriolak herritarrei mezua bidali die bideoan grabatuta, eta aurreko astean erakutsitako jarreragatik zoriondu ditu. Tabernari eta ostalarientzat ere esker oneko berbak izan ditu, lehen momentutik erantzukizunez jokatuta, euren establezimenduak zarratu zituztelako jendea ez kutsatzeko. “Hori bai dela herria zaintzea”.
Sanchezek atzo iragarri zuenez, gutxienez beste hamabost egunez luzatuko da larrialdi egoera, eta herritarrei pazientzia eskatu die Arriolak, eta esan du tarte honetan oso garrantzitsua dela gorputza zein burua sano mantentzea. Datorrena “gogorra” izango dela-eta, osasun arloko profesionalen jarraibideak segitzea eta etxean geratzea “inoiz baino garrantzitsuagoa” dela azpimarratu du: “Ezinbestekoa ez bada ez irten. Danok erantzukizunez jokatzen badugu, egon seguru krisi honetatik aterako garela”.
Larrialdi egoera honetan, herri txikietako kontsultategiak itxi dituzte, eta Eako herritarrei Lekeitioko osasun zentroan ematen diete mediku zein erizain arreta: 94-603 58 60. Sukarra edo arnasa hartzeko zailtasun sintomak edukiz gero, Lekeitioko anbulategira deitu behar dutela gogoratu die herritarrei: “Han herriko medikuak erantzungo die telefonoz, eta ikusteko beharra badaukate eta Lekeitiora joateko autorik ez badaukate, lasai egon daitezela, eurak hurreratuko zaizkie etxera”.
Laguntza eman eta hartu. “Krisi soziosanitario larri honetan ardura berezia sortzen digute hainbat herritarrek bizi ahal dituzten egoera ezberdinek. Elikagaiak erosteko eduki ahal dituzten zailtasunak eta harreman sozialak mugatzerakoan isolamendu egoerak sortu ahal dituztenak dira adibide”. Horregatik, udalak neurri desberdinak jarri ditu martxan. 70 urtetik gorako pertsonei eta bakardadean bizi direnei telefonozko jarraipena egiten diete, zelan dauden eta ze behar dituzten jakiteko. Horrez gain, udalak eta Beletxe elkarteak elkarlanean, bolondres taldea osatu dute: “Pozik eta zorionak emateko moduan gaude; hainbat herritarrek eman dute izena. Herri moduan harro egoteko moduan gaude”. Boluntarioak auzoka antolatzen dira, eta alkateak zehaztu duenez, “protokolo zehatzak” eta beharrezko materiala dituzte, euren zereginak behar den moduan gauzatzeko. Behar horrek dituztenei deitzeko eskatu die: “Behar duzuen hori eskatu, laguntza ematen eta hartzen jakin behar delako”. Udaletxeko telefonora (94-627 52 27) edo Beletxe elkarteko Jon Larrinagarena (630 17 59 11) deitu behar dute herritarrek.
Bestalde, garbiketa lanetan esfortzu berezia egiten ari direla azaldu du Arriolak: “Garbiketa eta desinfektatze lanak egiten dituzte zabor guneetan, autobus geralekuetan, barandetan, denda eta banketxe aurrean…” Gogora ekarri du eraikin publiko guztietan udalak jendaurreko arreta etenda badauka ere, udal langileak lanean ari direla.