Ikastetxeek "beste abisu bat eman arte" itxita jarraituko dute
Aurreko aginduan eskolak 14 egunerako etengo zituztela adierazi zuten agintariek. Gaurkoan, baina, "sine die" itxiko dituztela jakinarazi dute.
Joan den astean, aurrez aurreko eskolak bertan behera uztea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Ordukoan 14 eguneko itxialdia agindu zuten. Gaur, ordea, itxialdia “beste abisu bat eman arte” luzatu du Jaurlaritzak.
Gertaeren bilakaera eta agintariak hartzen ari diren neurriak dira luzapena erabakitzeko arrazoia. “Gertaeren bilakaeraren eta agintari eskudunak aplikatzen ari diren neurrien ondorioz, eskolen aldi baterako etetea beste abisu bat eman arte luzatzen da”, jakinarazi du Hezkuntza Sailak ohar bidez.
Era berean, ikastetxeei adierazitako gainerako jarraipenak indarrean jarraitzen dutela baieztatu dute, “bai irakaskuntza-jarduerari dagokionez, eta baita ere ikasleei arreta emateari eta familiekiko komunikazioari dagokionez”.
Osasun-agintarien gomendioak zorrotz bete behar direla gogorarazi dute agintariek, jardueren normaltasunagaz “ahalik eta arinan” ekiteko.