Ertzaintzak garraio partikularra eta kolektiboa kontrolatuko ditu, "baimendu gabeko joan-etorriak eragozteko"
Beharrezkoak ez diren bidaiak eragotzi nahi ditu. Biharko jai egunaren harira ohartarazi du debekatuta dagoela bigarren etxebizitzetara mugitzea. Lan jarduerak edo premia biziko erosketak egiteko bakarrik zirkulatu daitekeela gogorarazi dute.
Alarma egoera dela-eta ezarritako konfinamendua ohiko etxebizitzan bete behar dela gogorarazi du Ertzaintzak. Bigarren etxebizitzetara edota aisialdikoetara joatea debekatuta dago, eta baimendu gabeko bidaia hori eragozteko, kontrolak jarriko dituzte errepideetan eta garraio kolektiboen geltokietan.
Jakinarazi dutenez, prebentzio kontrolen bidez alarma egoeraren ondorioz ezarritako mugimendu murrizketak betetzen direla bermatu gura dute. Izan ere, une hauetan lan jarduerak edo premia biziko erosketak egiteko bakarrik zirkulatu daiteke bide publikoetatik.
Horretarako, Ertzaintzako eta udaltzaingoetako patruilek frogaketak egingo dituzte debeku horiek betetzen direla ziurtatzeko. Frogaketa horiek errepidean nahiz garraio kolektiboaren geltokietan egingo dira.
“Gogoratzen da, osasun publikoaren larrialdi eta alarma egoera hau betetzeko, Ertzaintzak errepideetako edo horietako zati batzuetako zirkulazioa eten ahal izango duela osasun publikoarekin, segurtasunarekin, trafikoaren arintasunarekin edo adierazitako arrazoiengatik ibilgailu jakinen zirkulazioa mugatzearekin zerikusia duten arrazoiak direla-eta”, adierazi dute. Bestalde, desplazamenduaren arrazoiak “argitasun osoz” eta “egiaztatzeko moduan justifikatzeko” azalpena eskatu ahal izango die gidariei.
Autoan zirkulatu ahal izateko, bakarrik joatea gomendatzen da. Autoan bigarren pertsona bat badoa, atzeko eskuineko aldean eseri beharko da, “segurtasun-distantzia errespetatuz”. Debekatuta dago ibilgailuetan joan-etorriak egitea segurtasun distantzia hori errespetatu gabe.