Urdaibaiko padurak etxean
Berritasunekin ere badatoz; 11:00etan eta 18:00etan paduran gertatzen ari denaren berri emango dute zuzenean
Etxean ordu asko eta asko eman behar ditugun honetan, Urdaibai Bird Centerrek egongeletara eroan gura ditu Urdaibaiko padurak.
Bereizmen handiko webcam baten bitartez, Urdaibai Biosfera Erreserbaren bihotza ikusteko aukera eskainiko dute, eta hegaztien migrazioaz disfrutatzeko aukera egongo da, hain zuzen ere: “Sahara hegoaldeko Afrikatik datozen mokozabalek, arrano arrantzaleek edo tundra artikorantz doazen hegazti txiki limikoloek beren hegaldiekin gozatzen lagunduko digute”. Bolumena igonda, gainera, hegaztien soinuak zuzenean entzuteko aukera ere egongo dela azaldu dute, “beraien sinfoniarekin egunotan etxean egin beharreko egonaldia hobeto eroaten lagunduko du”.
Kamera 24 orduz martxan egongo da, Urdaibaiko egunsenti eta ilunabar “ahaztezinak” ikusteko aukera emanik, “ordu horiek baitira hegaztien udaberriko sinfonia entzuteko momenturik onenak”. Zozoak, birigarroak, txantxangarriak edota txepetxak entzun ahalko direla azaldu dute Urdaibai Bird Centerreko arduradunek.
Berritasunekin ere badatoz; izan ere, 11:00etan eta 18:00etan paduran gertatzen ari denaren berri emango dute zuzenean.
Urdaibai Biosfera Erreserba familian ezagutzeko “aukera bikaina” dela uste dute.
“Ikuskizun naturalaz” gozatu gura dutenek Urdaibai Bird Centerren webgunera sartu besterik ez daukate, eta han Urdaibai zuzenean klikatu.