Emakumeak ikasketa teknikoak egitera animatu ditu Lea-Artibai eta Busturialdea Kooperatiben Mahaiak
Bideo bat argitaratu dute inguruetako enpresetako profil teknikodun emakumeen testigantzekin. Busturialdera zabaldu dute Talentatu proiektua.
Lea-Artibai eta Busturialdea Kooperatiben Mahaia Elkarteak bideo berri bat argitaratu du Talentatu proiektuaren baitan. Azaro Fundazioarekin elkarlanean egin duten bideoan, Emakumea eta Teknologia gaia jorratu nahirik, inguruko enpresetan lanean ari diren profil teknikoko emakumeen testigantzak jaso dituzte, gazteak, batez ere emakumeak, ikasketa tekniko eta zientifikoak egitera animatzeko.
Martxoaren 8an ospatu den Emakumeen Nazioarteko eguna aprobetxatuz, inguruetako enpresetako profil teknikoa duten emakumeen testigantzak jaso dituzte. Jakitera eman dutenez, emakumeen %9ak aukeratzen ditu lanbide heziketan ikasketa teknikoak eta unibertsitatean berriz %31k.
Burdinola, Eika, Cikautxo, Kide, Leartiker eta Maierren lan egiten duten adin eta lanpostu ezberdinetan diharduten emakumeek beraien esperientzia partekatzen dute bideo horretan eta neska gazteak ikasketa teknikoak egitera animatzen dituzte.
Jarraipena. Kooperatiben Mahaiak eta Azarok 2018an jarri zuten abian Talentatu proiektua talentua landu eta STEAM ikasgaiak bultzatu asmoz. 2018-2019 ikasturtean Lea-Artibai eskualdeko gazteei zuzendutako ekintza ugari antolatu zituzten, eta aurtengo ikasturtean proiektuari jarraipena eman diote. Lea-Artibain bigarren edizioan murgilduta daudela azaldu dute, eta iazko arrakasta ikusirik, aurten Busturialdean ere egitasmo hau lantzen ari dira lehen aldiz.
Ikasturtean burutzen ari diren ekintzei amaiera emateko, aurten ere Zientzia eta Teknologia Eguna ospatuko dute Lea-Artibain bai eta Busturialdean ere.