"Egoera beltza da; ez du ematen gizarteak kapitalari aurre egiteko modurik izango duenik"
Politologoa eta nazioarteko analista da Gabirel Ezkurdia. Kanalatik (Sukarrieta) bizi du alarma egoera. Berandu, oso berandu heldu dela uste du. Ondorioak osasun arazoetatik haragokoak izango direla dio, eta krisi ekonomikoa izugarria izango dela.
Eusko Jaurlaritzak aukera paregabea izan du alarma deitu zuenean neurri propioak planteatzeko, berandu izan arren ere. Baina ez zuen ezer egin». Politologoa eta nazioarteko analista da Gabirel Ezkurdia. Kanalatik (Sukarrieta) bizi du alarma egoera. Berandu, oso berandu heldu dela uste du. «Italia baino okerrago dabil Espainiar estatua, zentzu askotan. Grafika eta estatistikek diote duela bi aste ipini behar zirela indarrean neurriok». Badaki hartu diren erabakiak gizartean inplementatzeko oso zailak direla. «Baina, horrez gain, sektore ekonomikoen aldetik presio handiak daude horiek ez ezartzeko». Sektore ekonomiko boteretsuenek duten ikuspegia Britania Handikoarena dela dio: «Badakite birusaren eragina gizartean oso zehatza dela, nagusiek eta pobreenek pairatuko dituztela ondoriorik latzenak, eta gainontzekoentzako gripe bat baino ez dela izango. Bestalde, ekonomia osoa geratzeak kriston kalteak ekarriko ditu, eta, nik uste enpesa gizonen aginduz atzeratu dela neurriak hartzearen erabakia».
Txinan ospitale bereziak eraiki zituzten 10 egunetan, «eta Italiakoa ikusita, hemen izan dugu denbora neurriak garaiz hartzeko. Txagorritxuko ospitalea kutsatu zen momentutik Osakidetzak beste neurri batzuk planteatu zitzakeen; akaso zonalde batzuk bereziki aislatu zitzakeen, etor zitezkeen gaixoak hartzeko eta, modu horretara, osasungintza publiko orokorra babesteko. Baina ez dute aurreikusten jakin». Ezkurdiak dio seguraski zenbait politikari eta adituk jakin izan dutela ikusten gertatu behar zena, «kontua da agian ez dutela ahotsik edo erabakimenik. Eta, posible da pisu handiagoa eduki izana Confebaskeko presidenteak esaten duenak, edo banketxeek».
Madrileko gestioa ere kritikatu du Ezkudiak: «Espainiako Gobernuak Madril gune gorria izendatu eta aurreko asteburuan milioi bat madrildar atera ziren estatuko beste toki batzuetara. Hori dela eta, birusa hedatu egin dela argi dago».
Egoera, orain, larria da estatu osoan, eta Madrildik inposatu duten desautorizazioa ere oso esanguratsua dela dio Ezkurdiak: «155. artikulua kamuflatu dute hemen, eta agerian geratu da Lehendakaria morroi bat dela, ez duela inolako autoritaterik Ertzaintza eta Osakidetza bere kontrolpean mantentzeko. Adibidez, Madrileko Gobernuak erabakiko balu Osakidetzako hainbat mediku, erizain edo bitarteko Madrilera edo beste edonora bidaltzea, Jaurlaritzak ezingo lituzke bere bitartekoak defendatu».
Krisi ekonomiko izugarria. Politologoak esan duenez, neurri gordinak ezarri ditu Espainiak, eta horiek indartuz gero ere, gizarteak beteko lituzkeela dio, estatuak indarrez inposatuko dituelako. Koronabirusaren pandemiak ekarri duen egoera, gainera, kapitalismoaren garapenarekin lotu du. «Gerraren bat edo krisi handi bat behar du kapitalak hazkundea geldiarazten denean berria sortzeko. Eta kapitalismoaren hazkunde zikloak oso laburrak izan dira 2008. urtetik hona. Orain, hazkundea bultzatzeko gerra handi bat beharko lukete, gehienbat gizartea eta ekonomia suntsitu eta hazkunde prozesu berria hasteko, Bigarren Mundu Gerrarekin geratu zen bezala. Gaur egun armekin gerra bat hastea agian ez da bideragarria, baina bai gerra bilogikoa».
Aurrera begirako irakurketa ere egin du: «Krisi ekonomikoa izugarria izango da, hainbat enpresa txiki-ertainek itxi egin beharko dute, klase ertaina deritzonaren proletarizazioa emango da, eta lan baldintzak zein ekonomikoak oso eskasak izango dira langileentzat. Konpetentzia izugarria izango da langileen artean lanpostuak lortzeko. Egoera horretan, kapitalak izugarrizko garapena izango du gizartearen kontrolean; bizi dugun moduko krisi egoerek jendea formalizatu egiten dutelako. Koronabirusa dela-eta jendea etxean geldituko da 20 egun, eta hurrengoa zer izango den ez dakigu. Irailaren 11ren ostean ere gauza bera egin zuten. Atentatuen ostean jendea ohitu egin zen aireportura joaten eta seguratsunaren aitxakipean biluztera».
Hori guzti hori esperimentu bat izan daiteke, Ezkurdiaren ustetan, eta horretan galtzaile nagusia Europa izango dela, AEBek eta Txinak duten gerra geopolikoarengatik. Europar Batasunaren ongizate estatua ere kolokan ikusten du. «Bigarren Mundu Gerraren ostean, Europan gizarte kapitalista ezarri zen, baia ikuspegi sozial garatu batekin. Baina Gerra Hotza bukatu ostean, eta batez ere 2000. urtetik aurrera, mendebaldeko kapitalistak ohartzen dira Europako egoera ez dela onuragarria beraientzat, eta hobe dutela ezartzea AEBetakoa bezalako eredu zorrotzago bat. Eta horretan ari dira, gaur egungo Europako ededu hori suntsitu nahian».
Eszenatoki horretan, ondorioak kaltegarriak izan daitezke: «Jendea beldurtu egingo da, men egingo du eta gizartean inboluzioa emango da. Gizartearen proletarizazio horrek, agian, teorikoki, ekar zezakeen nolabaiteko iraultza bat egoerak okerrera egin duelako. Baina ,beste alde batetik, gaur egun ez dago ezkerreko ideologiadun erreferentzia politikorik iraultza hori bultzatzeko. Egoera benetan beltza da, eta ez du ematen gizarteak modurik izango duenik aurrerantzean kapitalari aurre egiteko».
Beste helburu batzuk. Pandemia egoeran, informazio falta ere badugu. Datu ofizialak ematen dituzte, baina ez dago jakiterik zenbat pertsona kutsatu diren. «Ez dituzte gaixo denak kontrolatzen, froga ez zaie denei egiten». Eragina oso partziala dela azaldu du Ezkurdiak, baina beste helburu batzuk lortzeko erabiltzen dutela azaldu du: «Alarma egoera honetan lantegiak irekita daude, eta babes neurririk ez da hartzen». Euskal Herriko gizarteak, auzolanaren oinarria duen arren, Europako indibidualismotik ere badu zerbait. «Gobernuak neurriak ezarri arren, jendeak ez du kasurik egiten, ez dagoelako komunitatearen eredurik». Eta euskal herritarrek hartu beharko luketen irakasgaia honakoa dela dio: «Herriak herria salbatzeko antolakuntza behar du eta guztiz sozialista izan behar da. Gizarte komunitarioa, auzolanean oinarrituta, eta denok pentsatu behar dugu kolektiboki».
Bestalde, estatu propioa izateak ere lagunduko luke, bere ustez: «Krisi honen aurrean beste batzuen menpe gaude, eta beste horiek nolakoak diren badakigu. Guk gure estatu egitura izan bagenu, agian beste erabaki batzuk hartuko genituzke eta Danimarkan egin duten bezala egin. Bertan, bost kasu eman direnean mugak itxi dituzte; Portugalen gauza bera egin dute hiru kasurekin, eta Venezuelan 4 kasu emandakoan. Hemen, Gasteizen 600 kasu diagnostikatu zituztenean jendea oraindik kalean zegoen, tabernetan».
Estatu erdu sozialistetatik zer ikasi badela uste du. Kasurako, Txina, Venezuela eta Kubarengandik, sozialismo eredu desberdinak izan arren: «Momentu honetan hiru herrialde horiek medikuak bidali dituzte Italiara. Hor ikusten da estatu sozialistek gizakiarekiko eta gizarteekiko beste jarrera bat dutela».