Alarma egoera indarrean
Herritarren zirkulazio askea mugatuta dago, eta Espainiar estatuak boterea bere gain hartu du estatu osoan; euskal politikariek Sanchezen erabakia kritikatu dute, euskal autonomiaren aurkako erasoa delakoan. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak bideokonferentzia egingo du arratsaldean autonomietako presidenteekin.
Pertsonen zirkulazio askea mugatuta dago gauerditik. ‘Alarma egoera’ indarrean dago, Espainiako Ministroen Kontseiluak atzo arratsaldean hala erabakita. Beharrezkoak ez diren joan-etorriak kenduta, herritarrek etxean egon beharko dute hurrengo 15 egunetan.
Koronabirusari aurre egiteko, Espainiako Gobernuak aldarrikatu du bera izango dela estatu osoan “boterea izango duen agintea”. Hala, autonomia erkidegoetako zenbait eskuduntza ere estatuaren gain leudeke ‘alarma egoera’ amaitu arte; segurtasuna barne. Hala, polizia denak, Ertzaintza eta udaltzainak barne, Espainiako barne ministro Fernando Grande Marlaskaren aginduen menpe geratu dira.
Osasunari dagokionez, Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak esan du erkidegoetako osasun sailburuen menpe geratuko dela osasun pribatua, erkidego bakoitzak bere beharrei aurre egiteko erabili dezan.
Euskal alderdi politikoen agintariek Sanchezen erabakia kritikatu dute, euskal autogobenua “dinamitatzeko” ahalegina delakoan. EH Bilduren hautagai Maddalen Iriarteren berbak dira, eta autogobernua mugatzeko arrazoirik ez dagoela gaineratu du. EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzarrek ere ezbaian jarri du Espainiako presidentearen erabakia. Egoerak “batasuna” eskatzen duela dio, eta horretarako onena lankidetza dela, “ez inposaketa”. Gaur arratsaldean Sanchezek erkidegoetako presidenteekin egingo duen bilera alarma egoeraren nondik norakoak ezagutzeko baliagarria izatea espero du: “40 urtez, euskal autogobernua era guztietako krisiei aurre egiteko gai izan da. Beste erakunde eta agintariekin elkarlanean arituz, baina bere izaera mantenduta”.