Egoera bereziaren aurrean, informatzeko konpromisoa
Paperekoan ez ezik, wegbunean ere azken ordukoak ematea da asmoa. Horretarako, informazioa telefonoz batu beharko du lantaldeak. Hala, eskualdeko eragile, talde, arduradun politiko, sindikal eta abarrei hartu-emanetan jarraitzeko gonbidapena luzatu gura die HITZAk. Kazetarien jardun arduratsua zainduz, herritarrei informazioa helarazteko eta desinformazioak sor ditzakeen eragozpenak saihesteko.
Koronabirusaren eragina nabari da BUSTURIALDEKO HITZAn ere. Aurreko egunetatik, BERRIA taldetik egoera honen aurrean nola jokatu zehazten aritu da lantaldea, eta neurri batzuk martxan dira jadanik. Erabaki nagusia da lantaldeari etxetik lan egiteko aukera ematearena, behar izanez gero.
Etxetik lan egiteko erabakiak bi helburu ditu. Batetik, zaintza eta lana uztartzea, ahalik eta malgutasun handienarekin: badira beren kargu umeak edo adinekoak dituzten lankideak, eta, eskoletan eta adinekoen etxeetan izaten ari diren arazoak ikusita, etxean bertan egin behar dute zaintza lan hori. Bestetik, ikuspegi epidemiologikotik, HITZAren funtzionamendua bermatzea ere bada asmoa: lankideek etxetik aritzeko aukera izanda, bermatuta geratuko litzateke lankideren bat gaixotuz gero edo berrogeialdian jarriz gero ez lukeela HITZAren erredakzio osoan eragingo —horrek, izatez, kolokan jarriko luke hedabidearen funtzionamendua—.
Era berean, egoera berezi honi buruz heritarrei informatuta mantentzea da HITZAren ardura orain, eta Busturialdeko lantaldea ahalegin berezia egiten ari da horretarako. Ekitaldi, prentsaurreko eta eguneroko jarduna, oro har, eten egin diren arren, egunero informatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du komunikabideak. Paperekoan ez ezik, wegbunean ere azken ordukoak ematea da asmoa. Horretarako, informazioa telefonoz batu beharko du lantaldeak. Hala, eskualdeko eragile, talde, arduradun politiko, sindikal eta abarrei hartu-emanetan jarraitzeko gonbidapena luzatu gura die HITZAk. Kazetarien jardun arduratsua zainduz, herritarrei informazioa helarazteko eta desinformazioak sor ditzakeen eragozpenak saihesteko.