Gazte bat kartzelatu dute beste bat atxiki eta erasotzeagatik
Ez zen bakarrik aritu, Ertzaintzak hiru gazte atxilotu zituen-eta indarkeria erabiliz lapurreta egiteagatik. Beste biei urruntze agindua ezarri die epaileak.
Ertzaintzak 25 eta 22 urteko hiru gizonezko atxilotu ditu asteburuan Gernika-Lumon, beste gazte bati eraso egiteagatik eta bere borondatearen kontra atxikitzeagatik “heriotza-mehatxupean”. Erasotzaileetako batek polizia-aurrekariak ditu eta espetxean sartu dute. Beste biei urruntze agindua ezarri die epaileak.
Segurtasun sailak jakinarazi duenez, bariku goizaldean atxilotu zituzten. Salaketaren arabera, biktima eta haren lagun bat furgoneta batean joan ziren Bermeora, ezagun bat hartzeko. Kostako herrira iritsi zirenean, beste bi batu zituzten. Laurak ibilgailuan joan ziren Gernika-Lumora, eta ibilbidean zehar, hiru akusatuak gaztea bortxatzen eta erasotzen hasi ziren. Adierazi dutenez, bere borondatearen kontra atxiki zuten biktima, “aurrez beraiekin hartutako ustezko zor bat ordaintzeko”. Furgonetaren barruan zeuden bitartean, akusatuetako batek 120 euroko diru-zorroa kendu zion biktimari.
Ertzaintzak jakin ahal izan duenez, biktimak, “beldurtuta”, etxean zuen dirua ematen zien atxilotuei: “Atxilotuetako batekin sartu zen etxera, eta, hertsapenen bidez gutunazal batean jasotako dirua hartu eta handik ihes egin zuen”. Biktimak salatu duenez, bera eta bere familia mehatxatu zituzten, “poliziaren aurrean gertatutakoa ez salatzeko asmoz”.
Hori horrela, ertzainek hiru susmagarriak atxilotu zituzten, indarkeriaz egindako lapurreta eta legez kanpoko atxiloketa egotzita. Ertzain-etxera eraman eta beharrezko izapideak egin zituzten, gero, epailearen esku uzteko.