37ko garretatik gaur egungoetara
Gernika Garretan Kultur Elkarteak eta Artedramak elkarlanean bonbardaketaren urteurrenean egingo duten ikuskizuna prestatzen hasi dira. Herriko hainbat taldek parte hartuko dute.
Gernika Garretan Kultur Elkartea eta Artedrama batu, eta elkarlaneanGernikak izeneko ikuskizuna prestatzen ari dira Gernikako bonbardaketaren urteurrenerako. Apirilaren 25ean estreinatuko dute Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian; 20:30ean jarri dute hitzordua.
Gernikako Bonbardaketaren urteurrenean, 2011an egin zuten lehenengoz Gernika Garretan kale antzezlana. Gerora, beste bost aldiz egin dute: 2011n, 2012an, 2013an, 2015ean eta 2017an. Hurrengoa aurtengo 83. urteurrenean izango da, eta hori prestatzeko lanean dabiltza herriko hainbat talde.
Ander Lipus markina-xemeindarrak zuzenduko du ikuskizuna, eta prestaketa lanak aspaldi hasi zituztela onartu du: “Gernika Garretan Kultur Elkarteak iaz egin zidan antzerkia zuzentzearen proposamena, eta oso proiektu esanguratsua iruditu zitzaidan”. Hala, Arkaitz Canogaz batera ikuskizunaren gidoia idatzi zuen iaz, eta antzerkiaren soinu banda ere prest dagoela aitatu du: “Arkaitz Canogaz batera idatzi dut gidoia. Aspalditik ibili naiz lanean, eta soinu banda ere aspalditik dago sortuta. Audience talde gernikarrak egin du. Proiekzioak ere egongo dira, Verdek egindakoak”.
Atzo, gainera, Lipusen aginduetara jarri ziren antzezlanean parte hartuko duten herriko taldeak; Lipusek zuzenduko du obra, baina herriko taldeen eta bizilagunen parte hartzea zebala da. “Hainbeste pertsonekin lan egitea ez da erraza. Apurka-apurka gauzak fintzen joango gara”, dio zuzendariak.
Pasealekuan elkartu, eta urteurreneko ikuskizunaren lehen entsegua egin zuten; hurrengo hilabete eta erdian beste bi aldiz batuko dira kalean entseatzeko. Emanaldiaren aurretik, baina, frontoian egingo dituzte azken entsegu nagusiak.
Herri antzerkitik “edaten” duen ikuskizuna dela dio markina-xemeindarrak, eta elkarlanean lan egitea “oso aberasgarria” dela uste du. Artedramak Gernika-Lumon dauka egoitza orain, eta talde asko ezagutu dituela dio zuzendariak: “Herritarrek ni ezagutzea eta nik eurekin lan egitea oso aberasgarria iruditzen zait. Antzerkiaren funtzioetako bat ere hori da. Herriarekin kontaktuan egotea, eta herritarrekin gauzak antolatzea. Niretzat oso ederra izaten ari da”.
Gaur egungo errealitatea. Herritik sortzen den proiektuari ukitu pertsonala eman gura izan dio Lipusek. Hala, Gernikako bonbardaketari buruzko bere ikuspuntua garatu du obragaz: “Bonbardaketari buruzko dudan pertzepzioa nire erara kontatzeko eskaera egin nien Gernika Garretako kideei. Bonbardaketari buruzko nire ikuspuntua garatu gura nuen nire taldeagaz”.
Hala, gaur egungo Gernikako errealitatera gerturatu du ikuskizuna. “Gaurko Gernika irudikatu dut, eta galdera bat planteatu: Gaur egun, zer gertatuko litzateke Gernika bonbardatuko balute?”, adierazi du zuzendariak. “Zoritxarrez”, oraindik hainbat bonbardaketa sufritzen dituzten herrialdeak daudela irudikatuko du: “Gaza, Siria… asko dira bonbardaketak sufritzen dituzten herriak. Gizakiek ez dute ikasi Gernikan edota Hiroshiman gertatutakotik. Eta gaurko errealitatea landu gura nuen”.
Proiektu garaikidea da ikuskizuna, “tradiziotik edaten duena”. Anbizio handiko obra da: “Tradizioa eta gaur egungo haize berriak irudikatzea da lortu gura dudana”.