Musutrukek irabazi du inauterietako tabernen lehiaketa
Hamabi tabernek parte hartu duten lehiaketan Lagun Etxeak jaso du mozorro onenaren bigarren saria, eta Labelek hirugarrena.
Bosgarren urtez ospatu den inauterietako taberna lehiaketan hamabi tabernek parte hartu dute aurten, eta, guztien artean, Musutruk tabernak jantzi du irabazlearen txapela; aurreko hiru urteetan Legoie izan da garailea.
Jokin Garatea Gernika-Lumoko Udaleko jaietako zinegotziak banatu ditu sariak gaur, eta parte hartu dutenen artean, lehenengo hirurek jaso zituzten sariak. Bigarren saria Lagun Etxea tabenarentzako izan da, eta hirugarrena, berriz, Label tabernarentzako.
Dekorazio lana, edertasuna, giroa eta elkarrekintza izan dira aurtengo lehiaketan epaimahaiak kontuan izan dituen ezaugarriak. Hala, irabazleak txapela, Ibarrangeluko Gametxo hotelean gaua eta gosaria, 50 euroko erosketa txekea eta Kultura Bono bat eskuratu ditu. Bigarrenak eta hirugarrenak, berriz, 50 euroko erosketa-txekea eta Kultura Bonoa jaso dituzte.
Hogeigarren hamarkada izan da aurtengo lehiaketaren gai nagusia, eta irabazleak saritzeaz gain, parte hartu duten tabernei eskerrak eman dizkie udalak.