'Kids Gernikan' eta Nazioarteko Bake Brigadek jasoko dituzte aurtengo Gernika Sariak
Giza eskubideen alde egindako lanagatik eta erakutsitako konpromisoagatik jasoko dituzte sariok. Urtero legez, apirilaren 26an banatuko dituzte sariak Gernika-Lumoko bonbardaketaren urteurrenean.
Kids Gernikan izeneko nazioarteko proiektuak eta Nazioarteko Bake Brigradek jasoko dituzte Bakearen eta Adiskidetzaren aldeko aurtengo Gernika Sariak. Giza eskubideen alde egindako lanagatik eta erakutsitako konpromisoagatik jasoko dituzte sariok.
Bakearen aldeko artea lantzen duen Kids Gernika proiektua Toshifumi Abe, Tadashi Yasuda, Kaoru Mizuguchi eta Tom Anderson japoniarrek sortu zuten 1995an. Hiroshimaren aurkako eraso nuklearraren 50. urteurrena gogoratzeko zerbait egin gura zuten, eta mihiseak egitea erabaki zuten,”txikienen artean bakearen kultura sustatzeko” helburuagaz. Muralak munduko hainbat tokitako haurrek egindako horma irudiek osatzen dute, Pablo Picasso Malagako margolariaren Gernica lan ezagunari erreferentzia eginez.
Proiektuaren hasieratik gaur egunera arte, ekimenak 80 marrazki baino gehiago bildu ditu, “bost kontinenteetako hainbat herrialdeetako umeek egindakoak”. Besteren artean Grezia, Japonia, Nepal, AEB, Italia, Kanada, Korea, Kanbodia, India, Australia, Kuwait, Etiopia, Alemania, Taiwan, Sry Lanka, Bangladesh, Frantzia, Txile, Ginea Berria, Liechenstein, Austria edota Indonesiatik egin dituzte ekarpenak.
Bestalde, Bakearen Nazioarteko Brigadak Gobernuz Kanpoko Erakundea sarituko dute, giza eskubideak babesteagatik eta gatazkak indarkeria barik konpontzearen alde egindako lanagatik. “Erakundeak nazioarteko behatzaileak bidaltzen ditu krisi edo gerra-gatazka egoeran dauden eskualdeetan lekuko izateko”, jakinarazi dute udal arduradunek. Hainbat herrialdeetako boluntario taldeek indarkeria politikoaren bidez heriotza edo bahiketa mehatxupean dauden pertsonak babesten dituzte. “Bake indar” horiek hainbat lekutan aritu dira lanean, hala nola, Guatemalan, El Salvadorren, Sri Lankan, Ipar Amerikan, Ekialdeko Timorren, Haitin, Nikaraguan edo Afrikan.
Nazioarteko Bake Brigadek hainbat aintzatespen jaso dituzte giza eskubideen alorrean egindako lanagatik. Sari aipagarrienak dira 2001ean jasotako Bakearen Nobel Saria, Martin Ennals Saria (1999), Bakearen Oroitzapenezko Domina (1999), Akisgrango Bake Saria (1999) edota Herrien Arteko Bake eta Elkartasun Memoriala.
Urtero legez, apirilaren 26an banatuko dituzte sariak Gernika-Lumoko bonbardaketaren urteurrenean. Iaz, Paul Preston, Angel Viñas eta Xabier Irujo historialariek eta Christos Stylianides Laguntza Humanitario eta Krisien Kudeaketarako Europako Batzordeko komisarioak jaso zuten.