Bermeoko Udalak berdintasun teknikaria kendu izana salatu dute
Iraultza feminista antikoloniala, antiarrazista eta antikapitalista izan behar dela gogora ekarri dute Lamerako ekitaldian.
Bizia erdigunean jartzeko kalera atera direla adierazi dute bermeotarrek, eta borroka feministaren garrantzia nabarmendu dute.
Baina, aurtengo Emakumeen Eguna bestelako salaketa egiteko aprobetxatu dute. Udalak berdintasun teknikaria kendu izana gaitzetsi dute: “Berdintasuna ez da zuon lehentasuna. Hilabete gutxi behar izan dituzue berdintasun teknikaria kentzeko. 23.000.000 euroko aurrekontutik 30.000 euro ziztrin bakarrik bideratu dituzue, lotsa barik, berdintasun politiketara. Feminismoa ez da erosoa, ez. Bizitzeko moduak iraultzera goaz, sistema ekonomikoari alternatibak aurrean ipintzera goaz, eta zuon antolaketa politikoa hankaz gora ipintzera goaz”. Euren borrokak ez daukala etenik ozen esan dute, berdintasunak eta justiziak mugarik ez dituztelako eta beti egongo delako zer hobetu.
Iraultza feminista antikoloniala, antiarrazista eta antikapitalista izan behar dela gogora ekarri dute Lamerako ekitaldian. Sistema kapitalistaren onuradun nagusiak patronala eta burgesia direla salatu dute. “Baita ere sistema hau erreproduzitzen dutenak. Honen sustraietan indarkeria matxista dago, menpekotasun sistema mantentzen duena. Gaur, martxoaren 8an, sistema heteropatriarkal, kolonial, kapitalista, kriminal eta arrazista salatzera gatoz”. Prekarietatearekin, lan segmentazioagaz eta soldaka arrakalarekin amaitzea exijitu dute, eta pentsio duinak eskatu dituzte egungo jubilatu zein inoiz jubilatuko ez direnentzat ere.
Atzerritartasun legeak “esklabotza” bideratzen duela deritzote: “Txarto ordainduta dauden etxe garbitzaileen bitartez, zaintza lanak tapatzeko”. Kapitalismoak borroka feminista mehatxu moduan ikusten duela zehaztu dute, eta ondorioz, “borroka kontsumorako produktu bihurtzen” ari dela esan dute.
“Heterosexualitatea aukera bakar moduan aurkezten digute eta heterosexualitatea sistema antolatzeko modu bat da. LGTBIQ fobiaren bidez zigortzen gaituzte emakumeok, bizi eredu bakar bat dagoela esanez. Horregatik, iraultza feministak heteroarauagaz amaituko du”. Halaber, indarkeria matxista “inposaketarako erreminta” dela azpimarratu dute: “Sinisten ez gaituen eta behin eta berriro zalantzan ipintzen gaituen justizi, lege-sistema eta botere publikoarekin borrokatu behar gara. Autodefentsa feminista aldarrikatzen dugu eta egon diren erahilak azkenak izan daitezela exijitzen dugu”.
Taraskako ekitaldia. Bermeotarrek Goiko plazan abiatu dute eguerdiko manifestazioa, eta Lamerako amaierako ekitaldiaren aurretik, Taraskan egin dute geldialdia. Esan dutenez, bertan batu dira, “ospatzeko, gozatzeko, kexatzeko, negar egiteko eta bereziki indarra hartzeko”.
Lore eskaintza berezia egin dute bertan. Hitzak mututzen dituen desertua arrakalatzeko, matxismoak erahildako emakumeen memorian eta omenez jarri dute lore bat. Arantzek emakumeen eskuak eta erraiak, sabel eta titiburuak, azal eta nekeak arrakalatzen dituztelako ere jarri dute lore bat: “Gure jarioak lurra agortzen, itotzen duelako. Ez dezagun tantaka jarraitzen dugula ahaztu”. Zauriak emankor bihurtzen dabiltzalako jarri dute hirugarrena, birrindutako orotik sortutakoagatik: “Gure baitan errotu ditugulako askatzea ezinezko izango diren sare eta etorkizuna. Lore hau indartsuak garelako, elkarrekin jarraituko dugulako hasitako bidea”.
Elkarbizitza duin, justu eta aske batengatik lanean jarraituko dutelako, bizitzaren aldeko aldarri izan da loreetako bat: “Gure gorputz eta lurraldearen burujabe izateko bidean gaudelako. Lore hau bazterrera kondenatuak izandako subjektu eta praktikak erdigunera dakartzagulako. Lore hau bizi dugun basoak ekaitzetatik babes gaitzan; mehatxu izateari uzteko”.
Letaginak inon hondoratzeko beldurrari uko egin diotelako ere eskaini dute lore bat. “Lore hau gutaz ahaztea ezinezko suertatuko zaielako. Beldurra izaten, aitortzen elkarrekin sosegatzen ikasi dugun bezala, beldurra sorrarazten eta erabiltzen dakigulako. Borrokarako prest gaudelako”.
Morea berde bihurtu dutenentzako ere izan da bat: “Gure mugak, etiketak, zapalkuntzak, kontraesanak hautematea ahalbidetu duzuen guztientzako. Inoiz aitortuak izan gabeko lanen bitartez, mundua sostengatu duzuenontzako. Lore hau gure gorputz eta desirak berrasmatzen jarraitzeko bidean nekez eta gozamenez zabaldu dituzuenontzako. Lore hau gure kateak sentiarazteko, besteenak mugitzera bultzatu gaituzuenontzako”.
Azken lorea, aurrekoak bezala, matxismoak erahildako emakumeen memorian eta omenez izateaz gain, “egun hau beharrezkoa izango ez den” etorkizun baten aldekoa izan da: “Egun hori iritsi arte borrokatzen jarraituko dugulako”.