Zabalik dago Astrako pasabidea
Zubiak Iparragirre kalea eta Astra batzen ditu trenbidearen gainetik.
Iparragirre kalea eta Astrako aparkalekua trenbidearen gainetik batzen dituen oinezkoentzako pasabidea zabalik dago. Udalerrian iriste erraztasuna hobetzeko asmoz iaz hasitako obrak bukatu dituzte dagoenerako.
“Irisgarritasun arazoak” konpontzeko eraiki dute pasabidea, eta proiektuari esker oinezkoek ez dutela trenbidea zeharkatu beharko adierazi dute udal arduradunek. Halaber, Astrako aparkalekuan autoa uzten duten herritarrei erdigunera hurbiltzea erraztuko diela ere adierazi dute.
Herriko guneei balioa. Proiektu honek gainera, herrian “gutxi erabiltzen den inguruari” balioa emango diola uste du Gorroñok. Hori horrela, Correos aurreko espazioa “aisialdirako gune izateko” egokitu dute. Lurzorua aldatu eta granitozkoa jarri dute.
Herriko irisgarritasuna hobetzeko planaren barruan kokatutako proiektua da, eta 736.000 euroko kostua izan du; Euskal Trenbide Sareak obraren %55a diruz lagundu du.