Urdaibai Koparen lehen proba Ibarrurin egingo dute, domekan
Ibarruriko Mendi Martxan 400 pertsonak izena eman dute aurretiaz, eta horietatik 150 dira korrikalariak. Euleuk elkarteak Senegalen daukan proiektu solidarioagaz bat egin dute.
Ibarruko Mendi Martxa egingo dute domekan [martxoak 8], eta 400 pertsonak aurretiaz izena eman dute. Horietatik 150ek egingo dute mendi lasterketa; 200ek martxa luzea eta 50ek laburra.
Urdaibai Koparen lehen proba da Ibarrurikoa eta lasterketara izena eman duten kopurua azpimarratu dute. “Egia da urtetik urtera gehiago direla. Aurtengoa izango da seguruenik parte hartzaile gehien dagoen urtea. 150ek izena ematea oso ondo dago eta estimatzen dugu”, adierazi dute martxaren antolatzaileek. Bizkaiko Mendi Lasterketen Ligaren hirugarren proba puntuagarria ere bada Ibarrurikoa. Urtarrilaren 26an Sodupen egin zuten lehenengoa eta otsailaren 16an Zaramillon bigarrena. Urdaibai Koparen aurtengo bost probetatik hiru daude Bizkaiko Ligan (Ibarrurikoa, Gernika-Lumokoa eta Eakoa).
Lasterketan zein martxan domekan bertan ere izena eman ahalko da, 12 euro ordainduta. 200 parte hartzailetako muga dago lasterketan eta martxa laburrean, eta luzean 300ekoa da.
Juniorrak eta beteranoak. Aurtengo berritasunetako bat da, lasterketan, kategoria absolutuaz aparte, junior eta beterano kategoriei aitormena egingo dietela, “kategoria horiek apur bat nabarmenduko dira”.
20 kilometroko ibilbidea egingo dute martxa luzeko eta mendi lasterketako partaideek, eta 9 kilometrokoa martxa laburrekoek. 08:30ean hasiko dute martxa luzea, 10:00etan lasterketa eta 10:10ean martxa laburra.
Hain zuzen ere, ibilbideari dagokioenez, aldaketaren bat egin dute, eta hoberako izan dela azpimarratu dute: “Urtez urte basoak aldatzen doazenez, apur bat moldatu egin behar izan dugu. Lan eta bide alternatibo gehiago topatzea eragin digu eta ibilbidea hobetu egin duela uste dugu. Aurreko domekan deialdia egin genuen probatzeko, eta jendea oso gustora geratu zen ibilbide berriagaz. Beharrizan batetik hobekuntza bat egin dugu”.
Halaber, gogoratu dute ume, gazte zein nagusiek parte hartzeko moduko proba dela: “Orain daukagun formatoagaz, martxan perfil guztietarako dago lekua. Umeekin doanak martxa laburrean dauka lekua, ondo preparatuta eta arineketan doanak lasterketan eta bitartekoek edo apur bat gehiago dabilenak martxa luzean. Lehenengo urteetan, 15 km edo 20 km-koak zeuden eta denek ez zeukaten lekua”.
Elkartasuna. Aurten EULEUK (etorkizuna euskaraz) elkartearekin bat egin dute. Muxikako, Gernikako eta Zornotzako lagun batzuk batu eta Senegaleko Warang herriaren beharrizanak asetu nahi dituzte eta euren proiektura bideratuko dute batutako diruaren parte bat. Jakinarazi dutenez, gabezi eta beharrizan asko izan arren, eskola eta osasun zentroa hornitzea dira lehentasunak, hazi berriak ereinaz: “Egun polita eta Ibarrurin jai polit bat egiteaz aparte, Euleuk proiektu solidarioagaz bat egin nahi izan dugu. Herriko eta inguruko herrietako mugimendu bategaz bat egitea izan da helburua. Diruaz aparte, aurreko urteetako kamiseta batzuk ere bidaliko dizkiegu”.
Bestalde, domekan, 12:00etatik 14:00etara, plazan umeentzako animazioa egongo dela iragarri dute antolatzaileek.