Bost probagaz dator aurtengo Urdaibai Kopa
Martxoaren 8an Ibarrurin hasi eta irailean Gautegiz Arteagan amaituko dute 2020ko Urdaibai Kopa. Lehen probarako aurretiazko izen ematea zabalik dago.
Hasi da atzera kontataketa. Martxoaren 8an Ibarrurin lehiatuko dute Urdaibai Koparen lehen proba.
Bost probagaz osatu dute aurtengoa, eta aurreikusitako datak jakitera eman dituzte. Udaberrian proba bakarra egingo dute; maiatzaren 10ean izango da Gernika-Lumoko Mendi Jaia. Uztailerako, ostera, bi hitzordu prestatu dituzte. Uztailaren 4an izango da Eako Txipiroi proba eta uztailaren 25ean Nabarnizko Illuntzar Mendi Lasterketa. Irailaren 12ko Gautegiz Arteagako Mendi Martxa izango da koparen azken proba.
www.urdaibaikopa.eus webgunean dago informazioa.
Lehen probarako izen ematea. Ibarruriko mendi martxan aurretiaz izena eman gura dutenek, probaren webgunean eman dezakete dagoeneko. Barikuan [urtarrilak 31] zabaldu zuten izen ematea, eta martxoaren 3ra [martitzena] arteko epea dago. Horrela apuntatuz gero, 8 euro ordaindu behar dira, eta egunean bertan eginez gero, 12 euro. Jakitera eman dutenez, Senegaleko Warang herrira diru laguntza bidaliko dute.
20 km-ko ibilbidea egingo dute martxa luzeko eta mendi lasterketako partaideek, eta 9 km-koa martxa laburrekoek. 08:30ean hasiko dute martxa luzea, 10:00etan lasterketa eta 10:10ean martxa laburra.
Urdaibai Koparen lehen proba izateaz gain, Bizkaiko Mendi Ligaren hirugarrena ere bada.
Informazio gehiago nahi izanez gero, edota zalantzak argitzeko ibarrurikomendimartxa@gmail.com helbidera idazteko eskatu dute.
2020ko Urdaibai Kopa:
- Martxoak 8: Ibarruriko Mendi Martxa
- Maiatzak 10: Gernika-Lumoko Mendi Jaia
- Uztailak 4: Txipiroi IE
- Uztailak 25: Illuntzar Mendi Lasterketa
- Irailak 12: Gautegiz Arteagako Mendi Martxa