'Batera Gara' elkartasun jaiak ekintzaz beteko du maiatzaren 24a
Batera Gara elkartasun jaialdiaren aurtengo helburua fibrosi kistikoa duten ume eta gazteei laguntzea da. Bolondresak dira ekimenaren antolatzaileak, eta herritarrei ekimenean parte hartzeko deia egin diete.
Batera Gara jaialdiak elkartasunez beteko du Gernika-Lumo maiatzaren 24an. Ekintzaz beteriko eguna prestatzen dabiltza antolatzaileak, eta aurtengo helburua fibrosi kistikoa duten ume eta gazteei laguntzea dela adierazi dute.
Batera Gara gaixotasun jakin batzuk dituzten neska eta mutilen alde edota horien osasun eta ongizateaz arduratzen diren irabazi asmorik gabeko elkarteei laguntzeko sortu dute. “Gaixotasunak jota dauden ume eta gazteei laguntzeko eta gaixotasun horiek ezagutzera emateko eta gizarteratzeko ekimena da”, adierazi dute elkartasun jaiaren antolatzaileek, eta, familien egoera ikusaraztearen alde egin dute.
Urtero edo bi urtetik behin Gernika-Lumon egingo den elkartasunezko ekimena da maiatzaren 24koa, eta mugarri izateko asmoagaz antolatu dute. “Gu Be Zuek Gara ospakizunaren lekukoa hartu dugu, orduan laguntzen eta antolatzen aritu ginen herriko bizilagun talde berdintsuak osatzen baitugu taldea”, esan dute antolatzaileek. Herritik herritarrentzako sortu dute ekitaldia, eta Gu Be Zuek Garak bultzatutako helburuen alde egingo du: “Urtebete igaro eta gero, indartsu gatoz. Ikusi dugu jendearen interesa badagoela. Herritarrek horrelako ekintzak behar dituztela jakinarazi digute. Gaixotasunak ezagutaraztea beharrezkoa da”.
Fibrosi kistikoari, lekua.
Hori horrela, aurtengo ekitaldiagaz, fibrosi kistikoa sufritzen duten gazte eta umeei laguntzera erabaki dute; zehazki, etxez etxeko arnas fisioterapia eta arreta psikosozialeko programetara zuzenduko dute. “Egunean birritan egin beharreko kontua da arnas fisioterapia, goizez eta gabaz”, esan du Amara Bañuelos Bizkaiko Fibrosi Kistikoaren elkarteko kide eta gautegizarteagarrak. Hala, gaixotasun arraro horri zabalkundea emateko jaia izango da aurtengoa. Fibrosi kistikoa sozializatzea eta normalizatzea lortu nahi dute jaialadiagaz, eta lan hori martxotik maiatzera bitartean ere burutuko dute antolatzaileek; hitzaldiak ematen ariko dira herriko ikastetxeetatik.
«Maiatzaren 24ko ekintzak zehazteke daude; baina aurreko urteetako antzekoak izango dira»
Fibrosi kistikoa gaixotasun genetikoa, endekapenezkoa eta kronikoa dela jakinarazi du Buñuelosek: “Gaixotasunaren zantzu nagusiak arnas eta digestio aparatuetan kokatzen dira. Hotzeri amaigabeak, infekzio errepikakorrak, birika gaitasunaren urritasuna, koipeak xurgatzeko ezintasuna eta malnutrizioa dira haur hauek euren egunerokotasunean sufritzen dituztenak”.
Sendagairik ez dagoela eta, eguneroko tratamendua hartu behar izaten dute, “bizi kalitate onargarria izateko”. Tratamenduak hiru ildo ditu: arnas fisioterapia egunean bi aldiz, prebentziorako antibiotikoen terapia eta elikadura hiperkalorikoa.
Eguneroko tratamendu horrek denbora “baliotsua” hartzen duela dio Bañuelosek, eta beste zenbait trebetasunen garapen arrunta zailtzen duela azaldu du: “Eskola edo lan errendimenduan, harremanetarako trebetasunean edo aisialdiko denborak mugatzen ditu”.
Fibrosi kistikoa 5.000 jaiotzetatik batek sufritzen du; Bizkaian 50 lagun inguruk sufritzen dute. Hala, gaixotasun arraroa da, eta ikusezin eta ez-ohiko izatea zailtasun “erantsia” dela dio Bañuelosek. Hori horrela, gaixotasunaren zabalkundea ezinbestekoa dela dio: “Gutxitan etortzen dira ate joka, eta Batera Garako antolatzaileak eurak etorri zaizkigu. Oso ideia polita iruditu zitzaigun. Gure gaixotasuna ikusgarriago egiteko aukera ederra da. Eskertzekoa da hori. Izan ere, zabalkunde ekimenak ezinbestekoak dira gizartean fibrosi kistikoari buruz herritarrak sentsibilizatzeko eta ikusarazteko”. Eta hori eginez gero, “aukera berdintasuna bermatzen” duen gizarte bat sor daitekeela uste dute antolatzaileek: “Beharrezkoa da besteekiko errespetua sustatzen duten sinesmen, jarrera eta portaerak barneratzea”.
Gizarteratzearen lan hori martxotik maiatzera bitartean ere burutuko dute antolatzaileek; hitzaldiak ematen ariko baitira herriko ikastetxeetan zehar.
«Zabalkundea ezinbestekoa da fribrosi kistikoa ikusarazteko»
Maiatzaren 24an, berriz, aurreko urteetako formatua jarraituko duen festa egingo dute udalerrian. “Ekintzak oraindik zehazteke dauzkagu, baina aurreko urteetan egindakoaren antzeko ekimenek hartuko dute herria. Tonbola solidarioa ere egingo dugu”, jakinarazi du Borja Del Riok.
Kamisetak ere atera dituzte, laranjak oraingoan, eta Gurea Altzariak zegoen lekuan jarriko dute denda (Carlos Gangoiti kalean). Hurrengo astetik aurrera eskuratu ahal izango direla kamisetak jakinarazi dute.
Bolondresak.
Bolondresak dira ekimenaren antolatzaileak, eta herritarrei ekimenean parte hartzeko deia egin diete. Norbaitek eguna antolatzen lagundu gura badu, gainera, bolondresentzako deialdia ere egin dute: “Sare sozialen bidez jarri gurekin harremanetan. Libre dituzuen orduak zehaztu eta antolatuko gara”.
Aurreko urteetan legez, aurten ere herri eta herritarren inplikazioa “handia” izatea espero dute: “Aurrekoetako inplikazioa lortuz gero, oso pozik egongo gara. Mezua herrian eta herritik kanpo zabalduko dugulako. “Ikusi dugu aurreko urteetan erantzun ona izan duela jaialdiak, eta aurten gauza bera espero dugu: elkartasun olatuak herria laranjaz betetzea”.