Busturialdeak irabazi du BBK bertso sariketako lehenengo kanporaketa
Malen Aretxaga, Jokin Ansotegi, Ismael Aomar, Koldo Muniz, Janire Arrizabalaga eta Koldo Gezuraga izan dira eskualdeko ordezkariak, eta finalaurrekoetarako txartela eskuratu dute.
Barakaldoko Clara Campoamor kultur etxean hasi dute gaur Bizkaiko Bertsolari Gazteen 28. sariketa. Busturialdea eta Enkarterri-Ezkerraldea taldeen arteko saioagaz hasi dute aurtengo lehia, eta Busturialdeko bertsolariek batu dituzte puntu gehien. Ondorioz, eskualdeko taldeak finalaurrekoetarako lehenengo txartela eskuratu du.
Gaurko saioko aurkezlea Jon Martínez izan da eta epaimahaia Ander Arrien gernikarrak, Juanjo Respaldizak, eta Beñat Romerok osatu dute. Idazkari beharretan, berriz, Idoia Anzorandia egon da.
BBK sariketako hurrengo kanporaketa bihar jokatuko da, Igorreko Arratia institutuan 11:30ean, Arratia eta Durangaldea taldeen artean.