Irlandatik bueltan, pozik
Murueta Sokatira Taldeko kideak gustura aritu dira Munduko Goma Gaineko Sokatira Txapelketan. Gorka Intxausti euskal selekzioagaz aritu da nazioen arteko kategoria batean.
Egindako lanagaz gustura eta pozik bueltatu dira Irlandatik Murueta Sokatira Taldekoak. Munduko txapelketan egoteko ilusioa talde denek izaten dute, eta parte hartu ahal izatea soilik saria da.
2020ko Munduko Goma Gaineko Txapelketa Letterkenny herrian jokatu dute. Kluben arteko txapelketaren saioak eguenean eta barikuan egin zituzten eta zapatuan eta domekan jokatu zituzten nazioen artekoak. Hain zuzen, Euskal Herriko selekzioagaz aritu da Murueta taldeko Gorka Intxausti. “680 kilorako taldea osatzeko jendea behar zutenez, bertan geundela esan ziguten”, azaldu du Jon Eskibel Murueta STko entrenatzaileak.
Busturialdekoek 600 kilotan bi talde osatu zituzten eta 560 kilotan talde bakarra: “560an ondo ibili ginen, baina beste taldeak askoz ere gehiago ziren. Baina Euskal Herri mailarako talde oso ona eduki genuen”. Eskibelen berbetan, talde oso gogorrak egon dira eta batik bat eskoziarrak, irlandarrak eta holandarrak oso ondo ibili direla nabarmendu du. Maila handiko taldeak egonda, horien kontra lehiatzea oso zaila dela dio: “Ikaragarria da. Irlandako Clonmany B izan zen gogorrena”.
“Sentsazio onekin” aritu ziren Muruetakoak: “Sentsazio onekin, oso ondo tiratu genuen. 600 kilotan itxura hobea eman genuela uste dut; hobeto aritu ginen”. 600ekoan Zuraideko tiratzaile bat aritu zen eurekin, eta “asko igarri” zuten: “Bera ere gaindituta egon zen. Aurreko egunean goiz eta arratsaldez aritu zen, eta barikuan ere goizean lehiatu ostean, aritu zen gugaz arratsaldean. Taldearentzat bultzada itzela izan zen; 104 kiloko gizon batek talde guztia mugitzen dizu aurrean jarrita”.
Azken orduan hotela aldatu zien antolakuntzak, eta aldaketa mesedegarria izan dela aitatu du entrenatzaileak: “Aldaketa hobea izan da. Lehen egunean sauna behar genuen pisuan sartzeko, pisutik 14 kilotik gora egon ginelako. Hotelean Gaztedi eta gu bakarrik egoteak kristoren mesedea egin zigun. Talde gehiago zeuden beste leku batean egon izan bagina, agian, ezin izango genuke pisuan sartu”.
Herritarrek zein antolakuntzakoek oso ondo tratatu zituztela gaineratu du. “Denetan laguntzeko prest zeuden; oso atseginak dira. Oso pozik eta lasai egon gara. Antolakuntzak autobusa jarri zigun guk nahi genuen orduetan joan-etorriak egiteko”.
Euskal Herriko hamabi talde egon dira Irlandan; inoizko talde gehien eta bera izan da ordezkaritza zabalena eduki duena. Euskal sokatarilariak hamalau domina irabazi dituzte aurten. Euskal selekzioak 2014an eskuratu zuen ofizialtasuna eta momentuz ez du dominarik lortu. “Euskal Herriko taldeak oso ondo ibili gara, eta neskak izan dira indartsuenak; urreak, zilarra, brontzea… dena atera dute. Euskal Herriko ordezkari onenak eurak izan dira”.