"Geneukan onena eman genuen eta sufritutako medaila da"
Brontzezko dominagaz itzuli da etxera Erika Rojas Gaztedi taldeko bermeotarra. Zortzi bat urte daramatza Laukizko taldean, eta beste esperientzia eder bat motxilan sartu ostean, lur gaineko munduko txapelketara begira dago dagoenerako.
Irlandakoa zenbagarren munduko txapelketa izan duzu?
Parte hartu dudan laugarren Munduko Txapelketa da, eta esperientzia oso ona izan da. Lehiatzea zen gure helburua. Ez genuen pentsatzen podiumen lehian egoteko aukerak edukiko genituenik. Denboraldi honetan aldaketak eduki ditugu taldean. Aurretik zeuden batzuk ez dira egon, eta taldekide hasiberriak eduki ditugu. Beraz, horientzat lehen hartu-emana izan da. Hain denbora gutxian ondo aritzeko taldea entrenatzea ez da erraza, asko kostatzen da.
Hala ere, 540 kilotan podiumean sartzea lortu zenuten.
Geneukan onena eman genuen eta sufritutako medaila izan da. Finalaurrekoetan Badaiotzen kontra galdu genuen; bi aldeetan irabazi ziguten. Hirugarren postua erabakitzeko Herberehetako Monnickendam taldearen kontra lehiatu ginen. Bakoitzak tirada bat irabazi genuenez, berdinketa haustekoa jokatu behar izan genuen. Badaiotz talde arabarra oso ondo aritu da; 540 eta 500 kilotan txapelduna izan da. 500ekoan bosgarren geratu ginen gu.
Goma gaineko denboraldia amaituta, lur gainekoan pentsatzeko ordua da zuretzat.
Bai, neguan goma gainekoan aritzen naiz eta udaberrian eta udan lur gainekoan. Aurten Getxon lehiatuko dugu lur gaineko Munduko Txapelketa, irailean, eta orain hura lehiatzeko prestatuko gara.
Aurretik Lur Gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketa daukazue. Noiz hasiko duzue?
Apirilaren 25ean hasiko da Azkoitian, eta uztailaren 26an amaitu, San Kristobalen. Lur gainekoan nesken talde bakarra garenez, ez dago nesken pisurik eta gu mutilekin lehiatzen gara 580 kiloko kategoria mistoan. Goma gainekoan modura, kategoria bakoitzeko irabazleak sailkatzen dira Munduko Txapelketan nazioen arteko lehiara ere. Hemen talde bakarra garenez, Getxon kluben arteko lehian egoteaz gain, selekzio modura ere Gaztediko neskak ariko gara.
Goma Gaineko Munduko Txapelketa bi urterik behin izaten da. Lur gainekoa ere bai?
Lur gainekoan Mundukoa eta Europako txapelketak txandakatzen joaten dira. Hau da, aurten Mundukoa jokatuko dugu, datorren urtean Europakoa eta 2022an berriro Mundukoa.
Munduko txapelketan zeintzuk izaten dira aurkari gogorrenak?
Goma gainekoan Taipei Txinakoak dira talde gogorrak eta lur gainekoan suitzarrak. Beti egon gara horien kontra lehiatzen eta normalean, hirugarren eta bigarren postuetan sailkatzen gara.
2012an hasi zinen eta ordutik hamaika txapelketa jokatuta domina asko pilatu dituzu. Zein da bereziki gogoan duzun Munduko Txapelketa?
Goma gainekoan orain dela bi urte Txinan jokatutako da, Munduko txapeldun geratu ginelako. Bi urrezko domina irabazi genituen. Taldeka lehiatu ginen bi pisuetan, hain zuzen. Urte berean, Sudafrikan brontzea irabazi genuen nazioen arteko munduko lur gainekoan.
Euskadiko goma gainekoa amaitu eta segituan joan zineten Irlandara. Hemengoaren zelako balorazioa egin duzue?
Denbora gutxian taldea osatzea, bat egitea, zaila da. Baina, hasiberriak eta beteranoak garenak nahastuta aurrera egin dugu. 540an hirugarren geratu ginen eta 500ekoan laugarren. Gure taldean ez gara neska asko; Irlandara justu joan gara, aldaketa bakarra egiteko aukeragaz. Sokatira galtzen doa eta gazteak probatzera eta ikastera animatzea nahi dugu.