Aratuste martitzen ilunari, aurpegi ona
Bermeon urteroko ikastetxeen kalejira bertan behera geratu da, baina umeak izan dira goizeko protagonistak. Mundakarrak ere jai giroan dabiltza, eta goizean kiroldegian elkartu dira txikienak.
Aratusteetako martitzena eguraldi txarragaz etorri da aurten. Euriari, baina, aurpegi margoztuek, mozorroek eta irribarreek egin diote aurre. Bermeotarrak eta mundakarrak mozorrak jantzi eta kalera atera dira, aratusteei jarraipen bikaina eman asmoz.
Herritarrak gozatzen dabiltza, baina gaur goizean herriko txikienak izaten dira erabateko protagonistak. San Frantzisko Herri Ikastetxeko, Eleizalde Ikastolako eta Sagrado Corazon Ikastetxeko ikasleak urteroko kalejira egitekoak ziren, baina bertan behera utzi behar izan dute aurten. San Frantziskoko Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren ziklokoak, berriz, euriari aurre egin eta kalejira txikia egin dute; aterkiak lagun, umore ona ez zaie falta izan.
Eleizalde Ikastolako eta Sagrado Corazon Ikastetxekoek, berriz, kanporako prestatutako dantzak eskola barruetan egin dituzte, poz-pozik. Karaoke inguruan batu dira Elizaldekoak, eta dantzan eta kantuan gelditu barik ibili dira Sagrado Corazonekoak. Denek ala denek, ikastetxe barrualdeak kolorez eta musikaz bete dituzte.
Tabernen mozorro lehia. Etxeko txikienak izan badira goizeko protagonistak, nagusiek ere bikain pasatu dute. Hemeretzigarren urtez, Bermeoko tabernen mozorro lehiaketa egin dute gaur eguerdian.
Lau izan dira aurten lehiaketara aurkeztutako tabernak: Zubigane, Izaro Irish-pub, Batun-Batun eta Kafe Loidixie; iaz zazpi izan ziren parte hartzaileak. Epaimahaia taberna horietatik pasatu da, eta guztien artean, Izaro Irish-pub tabernarena izan dela mozorrorik onena ebatzi dute.
Kafe Loidxie tabernak eraman du bigarren saria, eta hirugarren postuan, berriz, Zubi Gane taberna geratu da. Laugarrena izan da Batun Batun.
Goiza igarota, jai giroak Bermeon bizirik jarraituko du. Izan ere, 16:00etatik aurrera, FM dantzaldia egongo da.
Mundakan ere, jai. Bermeon egin legez, Mundakan ere euritik babestu dira herriko txikienak. Hala, Isla Kale kiroldegian elkartu dira herriko ume, gazte zein gurasoak. Eguraldiak ez du garrantziarik izan aterpean, eta eskolan azken hilabetean ikasitako dantzak jendaurrean erakutsi dituzte maila guztietako ikasleek.
Erakustaldia eman dute, eta bertaratutakoen arreta berenganatu dute txikienek.