Zaratatsu eta gogotsu ibili dira Mundakako Lamiak arratsaldean
Arratsaldean ere jende asko egon da Mundakan Lamien kalejira ikusteko. Iluntzean, Atorrak eta Lamiak batu dira Kale Nagusian.
Atorren kantu berdinarekin eman diote hasiera Lamiek kalejirari: “Aratuste, aratuste…mundakarrentzat egun hoberik ez…”. 18:00etan atera dira Mundakako eskolatik, eta handik hasi dute kalejira. Dozenako lamia atera dira zaratatsu eta gogotsu. Urtero legez, orro, dantza eta kantekin girotu dute herria.
Goizean, herria jendez gainezka egon bada, arratsaldean ez da gutxiagorako izan; bazter guztiak zeuden beteta. Goizeko zuri kolorea alde batera utzita, beltza izan da arratsaldeko protagonista nagusia.
Iluntzean, atorrek eta lamiek bat egin dute Kale Nagusian, eta elkarrekin aritu dira kantuan.
Aratuste eguna ez da amaitu mundakarrentzat. Oraindik ere badituzte orduak aurretik parrandan jarraitzeko.