Atorren zuri koloreak Mundaka bete du gaur eguerdian
Geldialdi berria egin dute aurten Atorren eta Lamien parkean. 18:00etan plazatik abiatuko dira Lamiak.
Mundakarrentzat aratuste domeka baino egun hoberik ez dago, hala esaten dute atorrek zein lamiek kantuan. Euskal Herriko aratuste ezagunetarikoak dira Mundakakoak, eta nabaria da gaur herrian; herriko txoko guztiak jendez beteta daude.
12:30ak puntuan entzun dira atorren lehen kantuak: “aratuste, aratuste…mundakarrentzat egun hoberik ez…“. Jose Mari Egileorren omenez, plaza ondoan hasi dute kalejira, eta herria zeharkatu ostean, ohi legez portuan amaitu dute 14:30ak aldera. Aurten, gainera, geldialdi berria egin dute, Atorren eta Lamien parkean sartu baitira lehenengoz.
Atorren goizeko txanda amaituta, Lamiek hartuko dituzte herriko kaleak atsaldean. 18:00tan plazatik hasita orro, dantza eta kantekin girotuko dute herria.