Ondo ezagutzen diren bi talde aurrez aurre
Elkar ondo ezagutzen dira Lointek Gernika Bizkaia eta Valencia Basketeko jokalariak, eta bihar aurrez aurre ariko dira Eurokopako final-zortzirenak lehiatzen Malosten; 20:00etan jarri dute hitzordua
Final-zortzirenak jokatzeko prest daude Lointekeko jokalariak. Iaz egindakoa gainditu gura zuten denboraldi hasieran, eta lortu dute. Kanporaketaz kanporaketa partiduak irabazi eta Eurocupeko final-zortzirenak jokatuko dituzte bihar, 20:00etan, Malosten. Momentu historikoa bizitzen ari dira, eta Valencia Basketen aurkako partidua “lehiatzeko eta irabazteko irrikitan” daude taldekideak.
Aurrean, baina, oso ezaguna zaien taldea izango dute, eta badakite lehia “estua bezain gogorra” izango dela. Aurtengo ligako euren arteko partiduak bi eta hiru puntuko aldeagaz erabaki dira; bana irabazi dute, eta azkena talde gernikarrekoek luzapenean. Iaz, gainera, ligako play offetako kanporaketan Valentziarrak gailendu ziren. “Oso ondo elkar ezagutzen gara. Partida estuak lehiatu ditugu, eta badakigu biharkoa ere horrelakoa izango dela”, dio Mario Lopez Lointekeko entrenatzaileak. Hala ere, ligako eta Europako partiduak desberdinak direla dio, Eurokopakoak 80 minutuko kanporaketak direlako: “Partidua irabaztera atera behar gara, eta aurretik joanez gero, ahalik eta errenta handiena eskuratu behar dugu”.
Horretarako lan fisiko asko egin beharko dute, valentziarrak oso jokalari fisikoak baitira. “Badakigu taktikoki zelan jokatzen duten eta zelan defendatu behar dugun”, dio Lopezek. Ez ditu sorpresak espero entrenatzaileak, eta horretarako aurrez aurre jokatutako partiduak errepasatuko dituztela dio, “batez ere defentsan egindako akatsak zuzentzeko”.
Erraz eskuratzen dituzte saskiratzeak aurkariek, eta hori saihesteko defentsa lan sendoa egin beharko dutela badakite Lointekeko jokalariek. Gainera, asko errebotatzen dute, eta blokeo zuzenenik jokatu. Hori horrela, euren maila fisikoa berdindu beharko dutela dio Naiara Diez taldeko kanpitainak: “Badakigu zelako jokalariak dituzte, baina eurek ere badakite zelakoak garen gu. Asko ezagutzen dugu elkar, eta ez dakit ona edo txarra den hori. Fisikoki berdindu egin behar diegu”. Diezek xehetasun gutxitan erabakiko den partidua dela dio gainera.
Itziar Ariztimuñok, bere aldetik, 80 minutuko kanporaketa dela nabarmendu zuen atzo, eta “oso garrantzitsua” dela hasieratik kontzentratuta egotea adierazi zuen: “Ahalik eta alderik handiena lortu behar dugu, badakigu-eta Fontetako partida oso gogorra izango dela”.
Norgehiagoka historikoa. Gero eta aurrera pauso handiagoak eman ditu Lointek Gernika Bizkaiak azken urteetan, eta biharkoa ere, historikoa izango da. “Guretzako historikoa da kanporaketa hau jokatzea. Badakigu zelako garrantzia daukan, eta hori taldearen heldutasunean nabaritzen da. Izan ere, momentu gogorretan ondo jokatzen dakigula erakutsi dugu. Momentu oso on batean gaude, eta hori kantxan erakutsi behar dugu”, dio kapitainak. Hori horrela, kantxara denboraldi guztian egindako lana erakustera aterako direla aitortu du Ariztimuñok.
Biharko norgehiagokarako, baina, Lopezek ez ditu taldeko jokalari guztiak izango. Gintare Mazionytek eta Nogaye Look ez zuten asteburuko ligako partidua jokatu eta zalantza dira biharko. Lituaniarra gaixorik egon zen azken astean zehar, baina atzo taldekideekin entrenatu zen. Nogaye Look, bestalde, ez dirudi jokatuko duenik. Datu medikuen arabera, eskuin belauneko kanpoko alboko lotailua bihurritua dauka, eta errekuperazio-aldia 10 eta 20 egun artekoa izango dela zehaztu dute.
Egoera horrek, taktikoki “zenbait aldaketa” egitera behartu du entrenatzailea. “Barneko jokoa moldatu beharko dugu. Izan ere, Nogayeren baja izateak asko baldintzatzen du gure jokoa. Eurek oso pibot altuak dituzte, eta euren aurka jokatzea ez da erraza izango Milicentzat. Berak bakarrik oso zail izango du”, aitortu du Lopezek, eta egoera horri aurre egiteko talde lana banatu beharko dutela dio: “Errebotea ondo blokeatu beharko dugu”.
Lehenengoa Malosten. Lehenengo partidua etxean jokatuko dute, eta Lopezek kanporaketa etxean bukatzea nahiago bazuen ere, bihar dena ematera aterako direla onartu du. Eta badaki marea granatearen laguntza izango dutela: “Zaleen babesa beti jaso dugu. Azken kanporaketetan Maloste goraino bete zen, eta baita Valencia Basketen aurkako ligako partiduan ere. Oraingoan ere, laguntza bera behar dugu. 40 minututak hegaz mantendu behar gaituzte”.
Aurkariei presioa sartu eta bidean aurrera egiten jarraitu gura dute. Izan ere, denboraldi bikaina burutu dute orain arte talde gernikarrekoek: “Lortzen ari garen guztia poztasunez hartu dugu, baina badakigu errealitatea zein den. Taldea handitu dugu aurten, eta aurrera pausoak eman ditugu”. Izan ere, Eurokopako eta Ligako sailkapenean bikain dabiltza; azken horretan bigarren postuan daude. “Urtero urtero aurreko denboraldia berdintzea oso zaila dela pentsatzen dut, baina beti gorantz goaz”, onartu du taldeko kapitainak. Hori horrela, ez dutela mugarik uste du: “Erronkak gustatzen zaizkigu, eta ez daukagu mugarik. Partiduak jokatu eta ahal dugunera iristen ahalegintzen gara. Noizbat galdu behar badugu, gozatzen izan dadila”.