Kazetaritza lanaz aritu dira Hitzako kazetariak Barrutin
Barrutia Herri Eskolako LH 3. mailetako ikasleekin batu dira kazetariak, eta egunkariari zein kazetaritza lanari buruz hitz egin dute. Ikasleek kazetaritza lanari buruzko interesa agertu dute, eta adi-adi jarraitu dituzte azalpenak.
Busturialdeko Hitzako kazetariak Barrutia Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako 3. mailakoak bisitatu dituzte gaur. Bi saio egin dituzte, eta batzuekin eta besteekin kazetaritza lanaz hitz egin dute. Astelehenean 4.mailako ikasleekin egon ziren.
Noiz sortu zen HITZA? Zelan lan egiten duzue? Nondik jasotzen duzue informazioa? Zein ordutara arte aritzen zarete lanean? Galdera horiek eta beste hainbat erantzun dituzte kazetariek. Ikasleek kazetaritza lanari buruzko interesa agertu dute, eta adi-adi jarraitu dituzte kazetarien azalpenak.
Kazetaritza lanaz gain, egunkarietan aurki daitezkeen testu mota desberdinak aztertu dituzte, eta testu mota bakoitzaren ezaugarri nagusiak landu; besteren artean, albisteen, elkarrizketen eta erreportajeen ezaugarriak aztertu dituzte. Barikuko egunkariak eskuetan zituztenez, batzuen eta besteen arteko desberdintasunak bere horretan ikusi dituzte papereko egunkarian.
Gainera, barikuetako egunkarian iritziak jasotzen dituztela eta kultur ekitaldiez betetako agenda argitaratzen dutela ere kontatu diete kazetariek.
Egunkariaren zein webgunearen ezaugarri nagusiak zeintzuk diren ere ikusi dituzte. Hori horrela, Busturialdeko Hitzaren sare sozialak ( facebook, twitter , Instagram eta YouTube ) ere aipatu dituzte, eta webguneko argazki galeriak eta bideoak ikusi.