Txikienek Astra bete dute
Zirkoteke umeen jaialdia ospatu zuten domekan, eta antolatzaileen aurreikuspenak bete zituen. Jendetza gerturatu zen kulturarako fabrika sozialera: "Ez genuen horrenbeste jende espero". Hurrengo ekintzak prestatzeko, baina, esperientzia "baliagarria" izan zela diote.
Zirkoteke umeen jaialdiak irribarrez eta ekintzaz bete zuen Astra domekan. Jendetza gerturatu zen kulturarako fabrika sozialera, eta antolatzaileen aurreikuspenak gainditu zituen jaialdiak: “Espero genuena gainditu zen erabat. Astra txiki geratu zen. Eskerrik asko guztioi etorri izanagatik”.
Astrako espazioa berrantolatzeko eta txikienei euren espazioa emateko Astrako espazioa egokitu zuten lehenengo, eta gero ekintzak prestatzen hasi ziren; arratsaldetako tailerrak antolatu dituzte besteak beste. Iazko ekainean egin zuten lehenengo jaialdia, Ur festa, eta domekakoa izan zen bigarrena. Lehenengoagaz alderatuta, “askoz ere jende gehiago” gerturatu zela azaldu dute Astra Txiki plataformako kideek.
Zirkua izan zen protagonista domekan. Txitatoki Urdaibai Zirku Eskolakoko kideek ordubeteko zirku ikuskizuna eskaini zuten lehenengo, eta umeen artean harrera bikaina izan zuela diote arduradunek: “Umeek lasai-lasai jarraitu zituzten Txitatokikoen ikuskizuna. Oso ondo antolatu zuten”. Gero, ondoko espazioan zirku tailerra izan zuten aukeran. Zirkuko tela eta materialekin hainbat proba egin zituzten: “Umeak pozik ibili ziren aurrera eta atzera gauzak egiten. Parte hartze handia egon zen. Denbora falta izan genuen. Jendea gauzak egiteko gogoz geratu zen-eta”.
Jende “larregi”. Jaialdiak aurreikuspenak gainditu zituen, baina Astrara jende larrei gerturatu zela onartu dute: “Jende larregi etorri zen, espero genuena baino gehiago. Gauza batzuetarako estu ibili ginen”. 17:00etan jarri zuten hitzordua, eta 17:30ak bitartean jende ilarak zeuden Astra kanpoaldean. Izan ere, Gernika-Lumoko edo inguruko herritarrez gain, Bilbotik edota Larrabetzutik hurbildutakoak ere egon ziren festan: “Kanpoko jendea etorri zen, eta ez genuen horrenbeste espero”.
Antolatzaileak kexkatuta daude norbait deseroso sentiarazi bazuten: “Kexkatuta egon gara. Izan ere, espazio edo ekintza asko larregi bete ziren, eta gauzak egitea ez zen erraza izan. Hainbeste jende hurbildu zen, momentu batzuetan deseroso egoten zela”. Gehien bete ziren ekintzak, eskulan tailerra eta aurpegi margoketarena izan ziren.
Hala ere, hurrengo jaialdiak antolatzeko “esperientzia baliagarria” izan zela domekakoa uste dute: “Urtean hiru ekintza egitea aurreikusi genuen urte hasieran. Orain aurrera begirako ekintza horiei buruz berba egiteko batu behar gara. Domekakoa aztertu eta baloratu ostean erabakiko dugu zer eta zelan egin hemendik eta ikasturte bukaerara bitartean”.
Alternatiba beharra. Zirkoteke jaialdiagaz herritarrek alternatibak behar dituela ikusi zela diote Astra Txikikoek. Beharrizanak azaleratzeko balio izan du jaialdiak: “Gernikan edo inguruetan ez daude umeentzat bere horretan antolatutako kultur ekintzak. Ikusten da jendeak domeka arratsaldetan ez daukala aukerarik ez eta espaziorik umeekin egoteko”. Egoera horren adierazgarri nagusiena izan zen domekakoa: “Jaialdi bat egin eta Astra bete zen”.
Herritarrei eta bertaratutako guztiei eskerrak eman dizkiete, Astra Txikiren gogo eta asmoetan laguntzeagatik. Izan ere, jaialdiaren asmo nagusiena umeek ondo pasatzea izan zen, baina jaialdiak Astra Txikikoek behar dituzten baliabideak eskuratzeko ere balio izan zuen: “Egunerokotasunean umeek jolasteko materialak izan ditzaten antolatu dugu jaia. Espero genuena edo gehiago lortu genuen. Pentsatuta eduki ditugun material batzuk erosi eta ekintza batzuk egiteko beste diru lortu genuen, eta pozik gaude”.
Domekan jaia antolatzen lagundu zieten bolondresei ere euren esker ona adierazi diete: “Herritar askok lagundu zigun. Jendetza ikusita askok bolondres lanak egin zituzten, eta oso eskertuta gaude”.