Andoaingo Piano Jaialdian emaitza "oso onak" lortu dituzte Julia Foruriako ikasleek
15. Andoaingo Piano Jaialdia ospatu dute asteburuan, eta Julia Forura ikastegiko ikasleen lana bikaina izan da. Guztira, urrezko bi domina, zilarrezko bat eta hiru aipamen berezi lortu dituzte
Andoaingo 15. Piano Txapelketa ospatu dute asteburuan, eta urtero legez, Lea-Artibain, Mutrikun eta Busturialdean pianoa ikasten ari diren hainbat ikaslek parte hartu dute bertan.
2008az geroztik urtero aurkeztu dira piano jaialdira Gernika-Lumoko Julia Foruria musika ikastetxeko piano joleak, eta azken urteetan legez, aurten ere emaitza “oso onak” eskuratu dituztela adierazi dute musika ikastegiko arduradunek. Bakarka, lau eskutara eta sei eskutara ikasturtean zehar egindako lana erakusteko aukera izan zuten asteburuan.
Julia Foruria ikastegiko arduradunen berbetan, ikastegiko piano jole trebeen lanak “fruitu ederrak” eman ditu, jaialdira aurkeztutako hainbat ikastek dominak eta aipamen bereziak eskuratu baitituzte. Guztira, urrezko bi domina, zilarrezko bat eta hiru aipamen berezi lortu dituzte; aipamen bereziak lehiaketako sari nagusiak dira. Danel Ugalde bakarlariak, Markel Arrazua, Oihan Mugira eta Nastya Aboitiz hirukoteak eta Maialen Goirizelaia, Katalin Miñaur eta Garazi Ibarluzea hirukoteak lortu zuten aipamen hori.
Hala, beraien saioan aritzeaz gain, igande arratsaldean berriro jo zuten euren lana. Ugaldek Martha Mier musikagilearen Starlight obra jo zuen; Arrazuak, Mugirak eta Aboitizek Schmitz-en Nº13 Six Hand Serenade interpretatu zuten; Goirizelaiak, Miñaurrek eta Ibarluzeak, berriz, Nº10 Today is Kid´s Day obra.
Parte hartze handia. Busturialdeko 11 ikasle egon dira Andoaingo udaletxeak eta Deiadar elkarteak antolatutako jaialdian. Lea-Artibai eta Mutrikukoak, berriz, 32. Guztira, jaialdira 676 piano jole aurkeztu dira aurtengo edizioan, bakoitza bere modalitatean.
11 urtera arteko modalitatean Maialen Ugalde eta Garazi Uria aritu ziren lau eskutara. Sei eskutara, berriz, bi talde aritu ziren: Markel Arrazua, Oihan Mugira eta Nastya Aboitiz eta Maialen Gorizelaia, Katalin Miñaur eta Garazi Ibarluzea. 14 urtera artekoen modalitatean, berriz, Unai Belloso, Danel Ugalde eta Irati Ibarluzea bakarlariak aritu ziren.